Autogobernua

Nafarroan, Madrilek ez du oztopatuko 3.627 enplegu publiko egonkortzea

Espainiako Gobernuak ez dio foru legeari errekurtsorik jarriko Auzitegi Konstituzionalean, eta uztailean Nafarroako Parlamentuak onartutako legea «bere osotasunean» sartuko da indarrean

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehena, parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2022ko abenduaren 5a
16:11
Entzun

Nafarroako Gobernuak Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren mehatxua saihestu du. Administrazioan gehienez behin-behineko 3.627 enplegu publiko egonkortzeko foru legeko bi artikulurekin ados ez zegoela iritzita, Espainiako Gobernuak auzitegi horretara jo zezakeela ohartarazi zuen. Dena den, eskumen gatazkak konpontzeko Koordinazio Batzordean, bi gobernuek akordioa lortu dute.

Azkenik, Madrilek ez du oztopatuko legea. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordea «oso pozik» azaldu da, akordio horrek segurtasun juridikoa emango diolako lanpostuok egonkortzeko prozesuari.

Iazko abenduaren 28an, Espainiako Gorte Nagusietan administrazioetan behin-behinekotasuna %8ra arte murrizteko dekretua onartu zuen. Lege hura lurraldeko errealitatera egokitu eta agindu hari bide emateko asmoz, lehenik foru dekretu bat onartu zuen Nafarroako Gobernuak maiatzaren 23an. Bi egun geroago, 3.588 lanpostu egonkortzeko lan deialdi publiko berezia onartu zuen administrazio nukleoan, Osasunbidean eta Hezkuntzan. Hilabete geroago, uztailaren 1ean, foru legea onartu zuen Parlamentuak: egonkortzeko prozesu hartan sar zitezkeen enpleguen ezaugarriak zabaldu zituen,

Foru lege haren babespean, irailean beste 39 lanpostu gehitu zituen Nafarroako Gobernuak eta gehienez behin-behineko 3.627 lanpostu egonkortzea onartu zuen.

Bi artikulurekin arazoa

Alta, urriaren 7an Madrilgo gobernuak bi aldeen arteko eskumen gatazkak konpontzeko Kooperazio Batzordea bilerara deitu zuen. Ez zegoen konforme lan eskaintza publikoetan zenbat lanpostu publiko izango den zehazten duen lege artikuluarekin (4. artikulua). Halaber, begi txarrez ikusten zuen tramiteak erraztea eta epeak murriztea ahalbidetzen duen foru legearen 6. artikulua.

Gatazka hura konpondu ezean, Konstituzionalera irits zitekeen auzia, eta autogobernuaren adarretako bat mozteko arriskua zegoen: funtzio publikoko lan eskaintza publikoetan postu kopurua ezarri ahal izatea, alegia.

Azkenean ez da halakorik gertatu. Akordioan jasotzen denez, bi aldeek «konpondutzat» ematen dituzte euren arteko desadostasunak, eta gatazka, berriz, amaitutzat jotzen dute. Halaber, Auzitegi Konstituzionalari akordioaren edukiaren berri emango diotela gaineratu dute.

Foru legea, osorik
Nafarroako Gobernuak nabarmendu du foru legea «bere osotasunean» ahalbidetuko duela akordioak. Remirezek bere gobernuaren «defentsa adimentsuaren estrategia» goraipatu du, eta «esker ona» adierazi dio Espainiako Gobernuari «elkarrizketa lehenetsi duelako».

Pedro Sanchezen gobernuak «autogobernuarekiko jarrera ona» duela nabarmendu nahi izan dute sozialista nafarrek. Hala, legealdian tankerako beste hamabi akordio lortu direla azpimarratu dute, eta modu horretan adierazi Konstituzionalera jo aurretik ados jartzeko gai direla.

Alta, beti ez da horrela. Adibidez, Kontratu Publikoen legearen aurka errekurtsoa jarri du Madrilek, eta iaz onartutako legearen lau atal auzitan daude. Halaber, aurten onartutako Aldaketa Klimatikoaren legean bederatzi artikulurekin ez dago ados, eta Konstituzionalera jotzeko prest dago.

Remirezen arabera, orotara 7.000 lanpostutik gora egonkortu daitezke. Izan ere, foru legeak baimendutako 3.627 lanpostuei aurretik bere langileen behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako Gobernua prestatzen ari zen ohiko eta ezohiko lan deialdiak gehitu behar zaizkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.