Gizarte babesa

DSBEaren lege proiektua bertan behera uzteko eskatu du ELAk

Sindikatuak uste du proposamena «oso urrun» dagoela mugimendu sozial eta sindikalen aldarrikapenetatik. Ezkerreko alderdiei eskatu die ordezko proposamenak aurkezteko. 

Lanbideren bulego bat Donostian. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
aitor biain
2022ko abenduaren 6a
13:33
Entzun

ELAren arabera, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren lege berria «oso urrun» dago mugimendu sozial eta sindikalek planteatu dituzten aldarrikapenetatik, eta erakunde publikoak aplikatzen ari diren «murrizketak» finkatu egiten ditu. Hori dela eta, Eusko Legebiltzarrean onartu asmo duten lege egitasmoa bertan behera uzteko eskatu du beste behin sindikatuak.

DSBEaren lege berriak 2008koa ordezkatu nahi du; «eskuragarriagoa» eta «eraginkorragoa» izan nahi du kaltebera diren kolektiboentzako, Jaurlaritzaren hitzetan, eta, horretarako, baldintza malguagoak eta zenbateko handiagoak izango ditu. Bada, Gasteizko legebiltzarreko Lan eta Enplegu batzordeak aurreko astean onartu zuen azkeneko txostena, eta osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu beharko dute orain. EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen babesa izan zuen irizpenak, eta EH Bildu abstenitu egin zen. Sindikatuaren arabera, ordea, txosten horren edukiak «apenas» ditu aldaketarik Jaurlaritzak aurkeztutako lege proposamenarekin alderatuta, eta uste du alderdien arteko akordioaren emaitza baino ez dela.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemos-IUk akordioa egin zuten urrian, eta adostu zuten, besteak beste, errenta jasotzeko adina 23 urtetik 18ra jaistea, eta gehieneko errenta pobrezia arriskuaren tasa baino txikiagoa ez izatea, hots, 803 eurotik gorakoa izatea.

ELAren iritziz, aldaketa horiek ez dira nahikoak, eta Elkarrekin Podemos-IUri egotzi dio «kanpaina onartezina» egitea, lorpen gisa saldu dituelako aldaketak. Izan ere, sindikatuak azaldu duenez, ez da egia 18 urte bete dituen edonork izango duela errenta eskatzeko aukera, 18-23 urte bitartekoei aurrez urtebetez Lanbiden izena emanda egotea eskatzen baitzaie, eta 29 urtetik beherakoei urtebetez bakarrik bizitzen egotea.

Zenbatekoari dagokionez ere, ELAk salatu du KPIaren eguneratzea baino ez duela jasotzen txostenak, bestelako igoerarik gehitu gabe, eta aurrerantzean ere Jaurlaritzaren esku geratuko dela kopurua zehaztea, nahierara egin dezan. Gainera, salatu du Espainiako pobrezia arriskuaren tasa lehenetsi dutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tasaren aurretik, eta horrek errentaren zenbatekoa txikiagotzea dakarrela.

Horiek horrela, sindikatuak ohartarazi du diru laguntzen zenbatekoa eta prestazioa eskatzeko gutxieneko adina aldatzeak ez dituela konponduko gizarte babesaren sistemak egun dituen arazoak. «Gaur egun, 2008an baino 73.000 pertsona gehiago daude pobrezia arriskuan. Horrek argi eta garbi erakusten du gizarte prestazioen sistema ez dela nahikoa».

Oharra alderdiei

ELAk gogorarazi du gizarte prestazioen sistema egokia izatea «funtsezko elementua» dela gizarte kohesiorako eta pertsonak erdigunean jartzeko, eta ohartarazi konpondu gabe segitzen dutela DSBEak dituen hutsuneak eta «benetako kudeaketa arazoak». Bada, lege proiektua erretiratzeaz gain, 2008ko legea «berehala» aplikatzeko eskatu du sindikatuak.

Sindikatuak iritzi dio lan prekaritatea murrizten duten eta irregulartasun egoerekin amaitzen duten neurriak ezartzea dela irtenbidea. Horregatik, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten ezkerreko alderdiei eskatu die lege egitasmoa arbuiatzeko eta 2008ko legea hobetuko duten proposamenak aurkezteko. Izan ere, ELAk uste du «legea onartzeak edota babesteak» lagundu egingo duela pobrezia handitzen edota pentsiodunen «errealitate bidegabeak» betikotzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.