«Konstituzioa apurtzera» deitu du Jarki antolakundeak Iruñean

Espainiako Konstituzioaren Eguna izaki, berrehun lagun inguruk manifestazioa egin dute iluntzean. 'Mugak gaindituz, Euskal Herri sozialista eraiki' izan dute lelo.

Jarki antolakundeak deiturik Iruñean eginiko protesta. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko abenduaren 6a
20:26
Entzun

Jarki antolakundeak deiturik, berrehun herritar inguruk manifestazioa egin dute iluntzean Iruñean. Espainiako Konstituzioaren Eguna izaki egin dute mobilizazioa gaur, dokumentu horri lotua izan baita ozendutako aldarria: «Konstituzioa apurtzera» deitu dute, eta Mugak gaindituz, Euskal Herri sozialista eraiki lelopean egin dute martxa.

Espainiako konstituziora mugatu ez, eta Frantziako konstituzioari ere erreparatu diote manifestazioaren amaieran eginiko adierazpenetan. Izan ere, nabarmendu dute biek ala biek «legeztatu» egiten dutela «Euskal Herri langilearen aurkako jazarpena», bai eta itxurazko zilegitasuna eman ere. Halaber, diotenez, Euskal Herriko lurraldearen zatiketak asmo argia du: «Nazio izaera eta identitatea deuseztatzeko baldintzak sortzea».

Hala, salatu dute konstituzioen babesean ondutako legeek «otzan» nahi dituztela langileak, eta irmoki adierazi dute aukera bakarra dagoela horri aurre egin eta jazarpenari aterabidea emateko: «Euskal Herri independente eta sozialistaren eraikuntza». Zehaztu dute «erdibideko proposamenek» edo «autonomismoak» ez direla aukera onargarriak, «Espainiak eta Frantziak baliatu egiten dituztelako, euskal burgesiaren kolaboraziorako». Horren adibideak ere eman dituzte, burujabetzari loturik: «Erregimen autonomikoaren eta Euskal Elkargoaren iruzurra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.