Krisia Osakidetzan

Donostia ospitaleko 150 langile inguru batu dira gaur ESIko zerbitzuburuen elkarretaratzera

Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa salatzeko, protesta jendetsua egin dute goizean ospitaleko atarian.

Donostiako ospitalaren atarian gaur goizean egindako protesta bilkura. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 7a
10:24
Entzun

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek atzo jakinarazi zuten egunero egingo dutela bilkura Donostia ospitaleko atarian. Batetik, eskatuko dute joan den ostiralean kargugabeturiko bi zerbitzuburuak berriz integra ditzatela, eta, bestetik, Osakidetzari eta Osasun Sailari galdegingo diete euren iritzia aintzat har dezatela. Gaurko bilkura jendetsua izan da oso; izan ere, zerbitzuburuekin batera, ospitaleko 150 profesional inguru izan dira protestan. Euripean eta isiltasunean elkartu dira, eta txalo artean amaitu dute. Goizero bilduko dira, ordu berean, auzia konpondu arte.

Ikusi gehiago:Zupiriak esan du Osakidetzaren lan ildoarekin «erresistentzia» agertzeagatik izan direla kargugabetzeak

ESIko zerbitzuburuek ez dute adierazpenik egin goizean, baina arratsaldean agerraldi bat egin dute, eta kaleratzeak egiteko modua kritikatu dute, eta Jaurlaritzarekin eta Osakidetzako zuzendaritzarekin hitz egiteko mahai bat eskatu dute. Eskaera Donostialdeko ESIko 47 zerbitzuburuetatik 42k sinatu dute, eta «lehen mailako arreta defendatzeko unea» dela esan dute.

Atzo egoera salatzeko egindako elkarretaratzean, Arantza Aguillo eta Nuria Gonzalez zerbitzuburuek hitz egin zuten. Ospitaleko pazienteei «lasaitasun mezua» helarazi zieten: azpimarratu zuten azken egunotako gertakariek ez diotela kalterik ekarriko osasun arretari, eta zerbitzu guztiak bermatuta daudela. Aguillok jakinarazi zuen gaurko prentsaurrekoan emango dituztela aferaren inguruko azalpenak, baina aurreratu zuen Osakidetzari eta Osasun Sailari exijituko dietela kargutik kendutako Itziar Perez Donostialdeko ESIko kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikua karguetara itzultzea.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Bingen Zupiria bozeramaileak elkarrizketarako borondatea agertu zuen atzo, baina argi utzita «modu pribatuan» izan behar duela.

Agerraldi eskeak Eusko Legebiltzarrean
Osakidetzan sortutako krisiarekin kezka agertu dute oposizioko taldeek ere, eta Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari azalpenak eskatu dizkiote. Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C’s-k egin moduan, EH Bilduk ere Sagarduiren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Sagarduirekin batera, Rosa Perez Esquerdo Osakidetzaren zuzendari nagusiaren agerraldia ere galdegin du; biek ala biek Donostialdeko ESIren auziaz argibideak eman ditzaten nahi du EH Bilduk. Ostiralean erregistratu zituen eskaerok, baina gaur beste hiru profesionalen agerraldiak ere eskatu ditu: hain zuzen ere, Osakidetzak kargugabetutako Itziar Perez Donostialdeko ESIko zuzendariarena eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikuarena, eta dimisioa eman duen Adolfo Begiristain kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikuarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.