Alemania
Eskuin muturreko 22 pertsona atxilotu dituzte Alemanian, erakunde terrorista bateko kide izatea leporatuta
Estatu kolpe bat prestatzen ari zirela jakinarazi du Fiskaltzak. Alemaniako Parlamentua hartzeko asmoa zuten, eta, horien artean, militar ohiak daude. Horiez gain, beste hiru jarraitzaile ere atxilotu dituzte.

Alemaniako Fiskaltzak jakinarazi du eskuin muturreko 22 pertsona atxilotu dituztela, erakunde terrorista bateko kide izatea leporatuta. Fiskaltzaren arabera, estatu kolpe bat prestatzen ari ziren, eta «estatuaren ordezkarien kontra indarkeria erabiltzeko asmoa zuten», baita horiek hiltzeko ere. 22 pertsona horiez gain, beste hiru jarraitzaile ere atxilotu dituzte.
Eskuin muturreko erakunde hori iazko azaroan sortu zutela dio Fiskaltzak. «Alemanian ezarritako ordena aldatu eta beste estatu forma batekin ordezkatzea ezarri dute helburu», gaineratu du. Alemaniako «ordena liberal demokratikoaren» eta estatuaren erakundeen kontra egoteak batzen dituela azaldu du, eta hasiak zirela jada sistema «bortizki ezabatzeko» prestaketa lanetan.
Atxilotuetako batzuk Alemaniako armadako militar ohiak direla jakinarazi dute. Fiskaltzak dio erakunde horrek kontseilu bat eta adar militar bat zituela, eta azken horri zegokiola boterera borroka armatuaren bitartez iristea. Fiskaltzaren arabera, bi buru zituen erakunde horrek, biak ere alemaniarrak. Atxilotu dituzten jarraitzaileetako bat errusiarra da. Jakinarazi dute beste 27 pertsonaren aurka dagoela zabalik sarekada.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.