Memoria historikoa
Urduñako espetxe frankistako hogeita hamar presoren gorpuzkiak aurkitu dituzte herriko hilerrian
Aranzadi zientzia elkartea ari da gorpuzkiak lurpetik ateratzen. Gogora institutua biktimen senideekin harremanetan jarri da.

Urduñako hilerrian (Bizkaia) garai bateko espetxe frankistaren hogeita hamar bat biktimaren gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadi zientzia elkarteak. Desobiratze lanak egiten ari da, Eusko Jaurlaritzaren ‘Gerra Zibileko desagertuen bilaketa’ programaren barruan. Igandera arte luzatuko ditu lanak.
Biktimen senideekin jarri da harremanetan Gogora institutua, lurpetik ateratzeko lanetan egindako aurrerapenen eta aurrerantzean egin daitezkeen identifikazio lanen berri emateko.
Ez da Urduñan gorpuzkiak aurkitzen dituzten lehenengo aldia. Izan ere, 2014an, Urduñako Espetxe Zentralean hil ziren hamalau pertsonaren gorpuzkiak atera zituen lurpetik Aranzadik. Ustez, 1941eko otsaila eta ekaina bitartean hil ziren. Ordutik egindako ikerketa lanen arabera, beste lurperatze gune batzuk egon zitezkeela pentsatu zuen elkarteak. Eta hori konfirmatu du aurkikuntza berriak.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Urduñara bertaratuko da larunbatean.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.