Urduñako hilerrian (Bizkaia) garai bateko espetxe frankistaren hogeita hamar bat biktimaren gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadi zientzia elkarteak. Desobiratze lanak egiten ari da, Eusko Jaurlaritzaren ‘Gerra Zibileko desagertuen bilaketa’ programaren barruan. Igandera arte luzatuko ditu lanak.
Biktimen senideekin jarri da harremanetan Gogora institutua, lurpetik ateratzeko lanetan egindako aurrerapenen eta aurrerantzean egin daitezkeen identifikazio lanen berri emateko.
Ez da Urduñan gorpuzkiak aurkitzen dituzten lehenengo aldia. Izan ere, 2014an, Urduñako Espetxe Zentralean hil ziren hamalau pertsonaren gorpuzkiak atera zituen lurpetik Aranzadik. Ustez, 1941eko otsaila eta ekaina bitartean hil ziren. Ordutik egindako ikerketa lanen arabera, beste lurperatze gune batzuk egon zitezkeela pentsatu zuen elkarteak. Eta hori konfirmatu du aurkikuntza berriak.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Urduñara bertaratuko da larunbatean.