Krisia Osakidetzan

Zupiriak esan du Osakidetzaren lan ildoarekin «erresistentzia» agertzeagatik egin direla kargugabetzeak

Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatu du, Donostialdeko ESIaren egoera azaltzeko.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko argazkian. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 7a
13:24
Entzun

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Donostialdeko ESIaren inguruko polemikaz galdetu diote gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari. Herenegun Gotzone Sagardui Osasun sailburuak emandako azalpenak berretsi ditu Zupiriak: azpimarratu du Itziar Perez Donostialdeko ESIaren zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikoa kargutik kentzea ez dela izan arrazoi bakar baten ondorio, «gertakari kate baten ondorio baizik»; gertakari horiek egoera «jasanezina» eragin dutela azaldu du. Are, Zupiriak berretsi du kargutik kendutako Donostialdeko ESIko bi arduradunek ez zutela bat egiten Osakidetzaren bidearekin, eta «erresistentzia» agertu dutela Osakidetzako lan ildoarekin. Hau da, Osakidetzak eta, horrenbestez, Jaurlaritzak berak duen «estrategiatik kanpo» aritzeagatik kargugabetu dituztela bi profesionalak.

Ikusi gehiago:Donostia ospitaleko 150 langile inguru batu dira gaur ESIko zerbitzuburuen elkarretaratzera

Gertatutakoaz azalpenak emateko, agerraldia eskatu du Sagarduik Eusko Legebiltzarrean, Zupiriak jakitera eman duenez.

«Osakidetza sare bat da»

Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, Osakidetzaren erronka zera da, pandemiaren «zulotik» ateratzea eta etorkizunera begiratzea, besteak beste, lehen arreta indartuta eta gaixotasun kronikoei aurre eginda. Eta hori dena «sarean» egin behar dela ohartarazi du, hau da, zerbitzuak ongi antolatu behar direla eta ez duela balio ospitale bakoitzak bere bide orri propioari ekitea. «Osakidetza sare bat da, eta guztion arteko lankidetzaren bitartez eman behar zaio erantzuna».p>

Ikusi gehiago:Donostialdeko ESIko 42 zerbitzuburuk «lehen mailako arreta defendatzeko unea» dela esan dute

Sagarduik gobernu kontseiluan adierazitakoaren berri eman du Zupiriak. Kontatu duenez, Osasun sailburuak azpimarratu du Osakidetzak «kalitatezko» osasun laguntza ematen jarraituko duela, eta helburu hori dutela Donostialdeko ESIan egindako aldaketek. «Osasun sistemaren funtzionamendu egokia bermatu aldera hasi da lanean zuzendaritza berria». Dena dela, ez du zehaztu zer urrats egingo dituzten Donostialdeko ESIaren krisiari konponbidea emateko.

Sagarduiren lanak eta kudeaketak goitik beherako babesa dauka Eusko Jaurlaritzan, Iñigo Urkullu lehendakariarena barne, Zupiriak nabarmendu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.