Espetxeak

Espetxeetako plangintzarik eza salatu du ELAk

Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen transferentzia jaso zuenetik egindako bidea aztertu du sindikatuak. Ondorioztatu du langile kopurua murriztu egin dela eta pribatizazio arriskua dagoela.

Zaballako espetxea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko abenduaren 7a
15:03
Entzun

2021eko urrian eskuratu zuen Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeak kudeatzeko eskumena. Transferentzia jaso zuenetik egindako bidea aztertu du ELA sindikatuak. Langile kopuruaren murrizketa, antolakuntzan kaosa eta pribatizazio arriskua dira ondorio nagusiak.

Sindikatuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du euren egitasmoaren berri eman: «Egoera ezkutatzeko publizitate kanpaina batez baliatzen da, zeinaren xedea den, propaganda egiteaz gain, gabezia ugari estaltzea». Urtebetean ez du azpiegitura planik ezagutarazi. ELAk adierazi duenez, ez dakite zein izango den Arabako espetxea bere osotasunean erabiltzeko plana. Gipuzkoako Zubietan izango den zentro berrirako asmoen berri ere ez dute, eta Bizkaian beste espetxeren bat eraikiko ote duten ere ez dakite. «Ekipamendu horiek funtsezkoak dira espetxe eredu jakin bat gauzatuko bada».

Lantaldearen egoera ere nabarmendu du: «Langile kopurua urriegia da, esaterako, Arabako zentroan». Izan ere, zentro hori Alacanteko Villenakoaren antzekoa da, baina Arabako lantaldea %20 txikiagoa da. Gipuzkoako zentroan ere langileak falta dira. Bulegoetan hamar egon beharko lirateke, eta bi besterik ez daude. ELAk adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak ez ditu langileen baldintzak sindikatuekin negoziatu, eta horrek «antolakuntza kaos izugarria» sortu du. Hala nola langileek txandak metatzen dituzte; atsedenik gabeko 48 orduko txandak egiten dituzte.

Beste ondorio batzuk

Instalazioetako eta lantaldearen tamainaren aurreikuspen «okerrez» gain, beste gabezia batzuk ere aurkitu ditu ELAk. Besteak beste, aplikazio informatiko bat eta uniformeak falta dira espetxeetan. Estatuko uniformeekin jarraitzen dute. Eta hutsegiteak izan dira presoen ekonomatorako oinarrizko produktuen hornitzaileen aldetik. Gainera, Arabako espetxeetako sukaldeen erreforma plangintzarik gabe egin dute. Eta horrek egoera «jasangaitza» eragin du: «Presoek astebetez ogitartekoak jan behar izan dituzte».

«Eusko Jaurlaritzak laguntza deialdia ireki du enpresa eta fundazioei zuzenduta», gehitu du. Horrek pribatizazioa ekarriko du; eta, horrela, «prekaritate eremu berri bat sortuko da». Horrez gain, azpimarratu du euskara espetxeetan integratu behar dela.

Arrazoi horien aurrean, espetxeetako langile gehienek mobilizazioekin hastea erabaki dute. ELAk «zigorrak betetzeko eredu humanoagoa» defendatu du, ardatzak «berreziketa eta birgizarteratzea» izango dituena. Horrez gain, eredu horrek langileentzako errespetua eta lan baldintza hobeak bermatu behar dituela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.