Etxebizitza

Hipoteka izoztu ahalko dute Kutxabankeko bezero «zaurgarrienek»

Finantza erakundeak bat egin du Espainiako Gobernuaren Praktika Onen Kodearekin. Interes tasen igoeragatik, hipotekaren zenbatekoa orain berrikusi behar dutenek batez beste 200 eurotik gorako igoera izango dute hilero.

Etxebizitzak salmentan eta alokairuan Iruñeko Alde Zaharrean. IñIGO URIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko abenduaren 7a
15:40
Entzun

Kutxabankek bat egin du Espainiako Gobernuak bankuen patronalarekin adostutako Jardunbide Egokien Kodearekin, eta, horrenbestez, banku horrekin hipoteka bat duten «bezero zaurgarrienek» aukera izango dute beren kuotak urtebetez izozteko.

Horri eskatu ahal izango dute 29.400 eurorainoko errenta dutenek, baldin eta hipoteka ordaintzeak hileko diru sarreren %30etik gora eskatzen badie eta eguneratzeak %20tik gorako garestitzea eragin badie.

Kuota izozteaz gain, beste neurri batzuk aurreikusten ditu kodeak: hipoteka ordaintzeko epea gehienez zazpi urtez zabaltzea eta atzeratutako ordainketek interes apalagoak izatea, besteak beste.

Kutxabankek azaldu duenez, bera dela Hego Euskal Herrian hipoteka gehien dituen finantza erakundea, %40tik gorako merkatu kuota baitu.

Interes tasen igoera azkarrak eragin du gobernuaren eta bankuen arteko akordioa. Euriborra da tasa aldakorreko maileguen kuota kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizea, eta urte hasieratik hiru puntu portzentualetik gora handitu da, inoizko igoerarik handiena. Azaroan, %2,83an kokatu da. Horrek esan nahi du hipotekaren zenbatekoa orain berrikusi behar dutenek batez beste 200 eurotik gorako igoera izango dutela hilero.

«Konpromiso historikoa»

Kutxabankek azaldu duenez, «bezeroei etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emateko konpromiso historikoarekin» bat dator kodera batzeko erabakia. Nabarmendu du orain arte «malgutasun handia» erakutsi duela «bezero ahulenekin», besteak beste, ordainketa epeak luzatzeko aukera emateko orduan, eta zehaztu du azken bi urteetan 5.500 hipoteka baino gehiagoren baldintzak berriro negoziatu dituela, eta gaur egun 120 luzamendu kasu baino gehiago dituela.

Gainera, adierazi du lehen finantza erakundea izan dela Eusko Jaurlaritzak etxegabetze judiziala jasateko arriskuan dauden pertsonekin abian jarritako bitartekaritza zerbitzua izenpetzen, eta alokairu sozialerako 100 etxebizitza utzi dizkiola Jaurlaritzaren Alokabide sozietate publikoari. Halaber, Kutxabankek 100 etxebizitza eman dizkio Etxebizitza Sozialaren Funtsari –horietatik 57 okupatuta daude–, etxebizitza galdu duten familiei eta pertsonei alokairuan emateko, ohikoak baino errenta murritzagoen truke.

Kutxabankek gogoratu du bigarren aldia dela Espainiako Gobernuak eta bankuek hipoteken inguruko neurriak hitzartzen dituztela, eta orduan ere bat egin zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.