Krisia Osakidetzan

Harreman «asimetrikoak» hausteko bitartekaritza talde bat eskatu dute Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek

Kargugabetzeak egiteko modua kritikatu dute, eta Jaurlaritzarekin eta Osakidetzako zuzendaritzarekin hitz egiteko mahai bat eskatu dute, «egoera konpontzeko». Zenbait eskaera zehatz egin dizkiote Osakidetzari.

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuen ordezkariak, gaur, Gipuzkoako Medikuen Elkartearen egoitzan. FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko abenduaren 7a
16:08
Entzun

Donostialdeko ESIko zuzendaritzako kideen kargugabetzeak egoera eztandarazi duten azken gertaera izan dira. Hala ondorioztatu daiteke erakunde sanitario integratu hartako zerbitzuburuek egindako adierazpenetatik. Osakidetzan «arazo larri bat» dagoela adierazi dute mahaiaren bueltan eseritako sei kideek, eta haiek esanak babestu dituzte Gipuzkoako Medikuen Elkargoaren egoitzako prentsa aretoan zeuden gainerako medikuek. Denera, 47 zerbitzuburuetatik 42k egin dute bat Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari zuzendutako eskaerekin, eta jakinarazi dute sailetako buruak, erizaintzako langileak, mediku egoiliarrak eta lehen arretako unitateetako buruak ere antolatzen ari direla.

Ikusi gehiago:Zupiriak esan du Osakidetzaren lan ildoarekin «erresistentzia» agertzeagatik egin direla kargugabetzeak

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik astelehenean adierazi zuen Donostialdeko ESIko zuzendaritzako kideen kargugabetzeak «gertaera kate batek» eragindako «konfiantza galtze» baten ondorio izan zirela. Zerbitzuburuek, baina, ez dituzte azalpen horiek ontzat jo, ez dutelako azaltzen zein diren bi aldeen arteko akordio faltaren oinarriak: «Konfiantza falta argudio pobrea iruditzen zaigu».

Hala, kargugabetutako kideen eta ondoren dimisioa aurkeztu zutenen egoera leheneratzeko eskatu dute, edo, behintzat, haien «ohorea» berrezartzeko. Izan ere, adierazi dute «marra gorririk» gabe hitz egin nahi dutela.
Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek elkarrizketarako deia egin diote Osasun Sailari, eta ontzat jo dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eginiko deia ere. Ez horrenbeste, ordea, afera «foku mediatikotik» kanpo konpondu behar dela esan izana, medikuek uste baitute Jaurlaritza bera izan dela «komunikazio zubi guztiak eztandarazi» dituena, bien arteko zubi lana egiten zuten kargudunak euren postuetatik kenduta.

Kritikatu dute harreman «asimetriko» eta «bertikal» bat dagoela arduradun politikoen eta teknikoen artean, nahiz eta bigarren horiek duten beharrezko «jakintza teknikoa». Hala, bien arteko bitartekaritza lana egingo duen talde bat sortzeko beharra adierazi dute, «antzeko egoerak saihesteko kontrapisu mekanismo gisa» jardun lezakeena.

Osasun Sailaren eta langileen arteko desadostasunak kargugabetzeetatik haratago doaz: «Unea litzateke zenbait lekualdaketaren eta Donostiako Ospitaleak zenbait jardueretan erreferentziazko zentro izaera galdu izanaren arrazoi teknikoak argitzeko ere». Hori da zerbitzuburuek Jaurlaritzari eta Osakidetzari bideratutako kexetako bat, Donostialdeko ESIan garatutako zenbait espezialitate Gurutzetako ospitalera bideratu dituztelako, «argudiorik gabe».
Halakorik ez errepikatzeko, «erreferentziazko unitateen eta goi-teknologien kokapenaren inguruko erabaki estrategikoak» hartzeko «kontsultarako mahai bat» eratzea nahi dute, balizko mugimenduak irizpide teknikoen eta lekuan-lekuko lan esperientzien arabera hartu daitezen.

Donostialdeko ESIa ez «zatikatzeko» ere eskatu dute zerbitzuburuek, eta lehenbailehen emateko Onkologikoa bertara txertatzeko pausoak ere; bi eraikinak banatzen dituzten «azpiegitura arazoak» konpontzetik hasita.
Egin beharreko aldaketak, ordea, Donostialdeko ESItik haratago iritsi behar dira. Besteak beste, Osakidetzaren giza baliabideen «deszentralizazioa» eskatu dute, ESI bakoitzak baliabideak bere beharren arabera antolatzeko aukera izan dezan. Horri lotuta, erakunde sanitario bakoitzaren egoera publiko egiteko eskatu dute, hartzen diren erabakiak «garden» ikusteko.

Lanpostuei dagokionez, zenbait plaza lortzeko moduan aldaketak eskatu dituzte, horietara iristeko «trebetasun espezifikoak eta esperientzia» beharrezkoak izan beharko liratekeela argudiatuta. Salatu dute egun izendapen horiek «modu arbitrarioan» eta «Donostiako Ospitaleko behar espezifikoen kontra» egiten direla maiz. «Berme kontrol horiek» lan eskaintza publikoetan txertatzeko ere eskatu dute, baita horietan «kudeaketara eta ikerketara» bideratutako lan epeak baloratzeko ere. Ordezkapenen kasuan, berriz, horietarako «irizpide orokor» batzuk eskatu dituzte, «unean-uneko beharretik» haratago begiratuko dutenak.

Langileen babesa

Aurretik, gaur goizean, Donostia ospitaleko 150 bat langilek bat egin dute ESIko zerbitzuburuen elkarretaratzearekin. Egoera konpondu ezean, ospitaleko atarian egunero biltzeko asmoa dute. Batetik, eskatuko dute joan den ostiralean kargutik kendutako bi zerbitzuburuak berriz har ditzatela, eta, bestetik, euren iritzia aintzat har dezaten galdegingo diete Osakidetzari eta Osasun Sailari.

Gaurko bilkura jendetsua izan da oso. Euripean eta isilik elkartu dira, eta txalo artean amaitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.