Israel

Netanyahuk gobernua eratzeko akordioa itxi du ultrekin eta muturreko ortodoxoekin

Shas eta Sionismo Erlijiosoa alderdien esku geldituko dira, besteak beste, Barne eta Ogasun ministerioak. Smotrich ultranazionalistak Zisjordaniaren gaineko botere handia pilatuko du.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro ohia, herrialdeko parlamentuan, joan den azaroaren 15ean. ABIR SULTAN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 8a
12:47
Entzun

Benjamin Netanyahu Israelgo azken hauteskundeetako irabazleak lortu du gobernua eratzeko babesa ziurtatzea. Ituna adostu du agintera itzultzeko bidea zabalduko dioten eskuin muturreko alderdiekin eta ultraortodoxoekin. Azken akordioa Shas alderdiarekin itxi du, bart.

Itunak jasotzen duenez, Shas alderdiko buru Aryeh Deri errabinoa Barne eta Osasun ministro izango da agintaldiaren lehen erdian, eta Ogasun ministro bigarrenean. Kargu horiek trukatuko ditu Sionismo Erlijiosoa alderdiko lider Bezalel Smotrichekin. Azken horrek Zisjordaniaren gaineko botere handia pilatuko du, bere esku geldituko baitira eskualde okupatuaren administrazioa kudeatzeko erakundeak. Esaterako, bere eskumenen artean izango da Zisjordaniako eraikuntza baimenen banaketa, eta, hain justu, Palestinako lur horietan daude Israelen kolonien %60.

Dena den, Derik hitzartutako ministro karguak har ditzan, zenbait lege aldaketa bultzatu beharko ditu aurretik Netanyahuk. Errabinoa zerga iruzurragatik zigortuta dago, eta Israelgo legeak debekatu egiten du kondenatutako herritarrek ministro ardurak bere gain hartzea. Gauzak horrela, Netanyahuren aldeko blokeak presio egin dio parlamentuari datorren astelehenean presidente berria izendatu dezan, lege aldaketak ahal bezain azkar abian jartze aldera.

Aldaketa horien artean, espero da Netanyahuk baliogabetze klausula delakoa ezabatzea. Klausula horrek parlamentuari eragozten dio Israelgo Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jotako erabakiak berriz ere onartzea. Horrenbestez, oztopo izan ahalko litzateke Deriren izendapenerako. Kritikoek ohartarazi dute klausula hori indargabetzeak botere judizialaren eta botere legegilearen arteko banaketa urratuko lukeela.

Gobernua eratzeko epea datorren epean amaitzen da, baina Netanyahuk denbora beharko du oraindik aginterako bidea zabaltzeko. Hori dela eta, parlamentuari epea luzatzeko eskatuko diola ere espero da.

Lehen ministro ohiak 15 urtez gobernatu du Israel (1996-1999 eta 2009-2021), eta boterera itzultzeko aukera du joan den azaroaren 1etik, Likud bere alderdiak irabazi zituelako parlamenturako bozak. Likudek 32 diputatu eskuratu zituen 120tik, baina Netanyahuk haren aldeko blokea eratzea lortu du eskuin muturreko Sionismo Erlijiosoa, Botere Judua eta Noam alderdiekin, eta Shas eta Judaismo Batua ultraortodoxoekin. Orotara, 64 diputaturen babesa izango du horrela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.