AHTaren obrek ondare arkeologikoan eginiko kalteak salatzeko deialdia egin dute, bi soldadu erromatarren mamuen izenean

Erromatar gaztelu baten aztarnak topatu dituzte Tafallan (Nafarroa), eta Nafarroako Gobernuak AHTaren obrak geldiarazi ditu.

AHTaren obretan aurkitutak gaztelu erromatarraren aztarnak. NAFARROAKO GOBERNUA
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 9a
10:14
Entzun

«Ponpaelotarrei» bihar eguerdiko 12:00etan elkarretaratze batera joateko dei egin diete Alejandro Angosto eta Pluvio Cesareo erromatarren mamuek. Esaldi horrek film baten sinopsiaren antza badu ere, benetako deialdi bat da. Izan ere, joan den abuztuan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretan castellum erromatar baten aztarnak topatu zituzten, Tafallan (Nafarroa). Nafarroako Gobernuak obrak gelditzeko eskatu zuen; Adif enpresak, ordea, trenaren ibilbidea aztarnen azpiko aldetik bideratzea proposatu zuen.

Gazteluak 2.000 urte inguru dituela kalkulatzen da, eta, soldaduen izpirituek beren idatzian diotenaren arabera, bertako biztanleak ziren. Garai hartan egiten zituzten lanak xehe eta luze azaldu ostean, nola hil zituzten aipatzen dute. Geroztik lo egon dira, lurpean. Baina joan den ekainaren 14an «kolpeek, oihuek eta zaratek» esnatu zituzten: AHTaren obrak ziren. Bertan gertatzen zen guztiaren lekuko izatea erabaki zutela diote Angostok eta Cesareok. Obretarako erabiltzen dituzten makinak edota 40 gradutan hamar ordu baino gehiagoz lan egiten zuten «esklaboak» ikusi zituztela baieztatzen dute soldaduen izpirituek.

Azkenean, beren etxean izan zenaren gainean eraiki nahi duten hori zer den asmatu zutela diote: «AHT deitzen zioten, baina hori zer den guk ongi ez dakigunez, berezko hipotesia dugu, eta zuekin nahi dugu partekatu: elefante erraldoi baten supositorioa dirudi tramankulu txuri luzea». Idatziaren arabera, ikasitako eta ikusitako guztia Cesarri kontatzera Erromara (Italia) joan ziren bi izpirituak, «era etereoan». «Hau dela eta, gaur egungo Nafar agintariak zoriontzeko asmoarekin etorriko da Cesar Ponpaelora, Cleopatrak eta Ponpeiok lagunduta», diote Angostok eta Cesareok.

Gaztelua

Aurkitutako aztarnak erromatar castellum batenak direla diote. Eraikin hauetan soldadu talde bat bizi ohi zen, eta beraien zereginak askotarikoak ziren: komunikazio bideak edo eremu jakin batzuk babestea, galtzaden eraikuntza ordaintzeko zergak biltzea edo meatzariek ateratzen zituzten materialak ongi garraiatzen zirela ziurtatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.