Elikagai bankuak

Herri elkartasun premiatsua

Urteko bilketa egin berri du Lapurdi eta Baxenabarreko Hazkurri Bankuak. Iaz baino doi bat gutiago bildu badu ere, araberan beste lekuetan baino gehiago eman du bertako jendeak. Beharrak emendatuz doaz

Baionako Hazkurri Bankuaren urteko bilketa. IñAKI ETXELEKU - IPARRALDEKO HITZA
Iñaki Etxeleku.
2022ko abenduaren 9a
11:10
Entzun

Azaroaren 25eko, 26ko eta 27ko bilketan, Ipar Euskal Herriko hazkurri bankuak 110 tona emaitza eskuratu ditu. Zortziehun boluntarioz goiti barreiatuak ziren Lapurdi eta Baxenabarreko saltegi handietan. Elkarte gotorra bilakatua da Hazkurri Bankua, lagundu behar den jende andanaren emendatzearen seinale.

Philippe Labedan, Baionako Hazkurri Bankuko lehendakaria. Argazkia: Iñaki Etxeleku

Nagusiki erretretatuak diren hamarnaka boluntario ibiltzen dira egunero Hazkurri Bankuak Baionan duen egoitzan. Urtean, 12.500 pertsona laguntzen dituzte, tokiko gizarte laguntza elkarteei hazkurriak banatuz. Bizipen orotako herritar prekarioak direla erran du Hazkurri Bankuko lehendakari Philippe Labedanek: “Maiz jendeak uste du Hazkurri Bankuak bakarrik etxegabeei eta etorkinei banatzen diela janaria. Etxegabe eta etorkinak lauzpabost ehun lagun dira [Lapurdi eta Baxenabarren], baina banatzen diegun beste 12.000 pertsonak badira beharra dutenak”. Behardunen emendatzea gero eta agerikoagoa da, Labedanek kontatu duenez. Aurten, lehen aldikoz, gaueko mahaia egunaz ere egin da, bazkariak banatuz. “Batez beste, 90 lagun errezibitu dituzte egunero, apiriletik azarora. Lanean ari den jendea da, egunean behin zinezko apairu baten egitera zetorrena”; lanaldi murriztuan dira, ama bakartuak, “sos pegeseria” dutenak erretreta saritzat.

Pobreziaren hedatzearen erakusle da Hazkurri Bankuak banatu zamaren bilakaera. Duela sei urte, 670 tona banatzen zituen, urtean. Iaz, 1.175 tona. “Kasik doblatu dugu. Errealitate bat da”.

Filgi Claverie, Hazkurri Bankuko komunikazio arduraduna / Argazkia: Iñaki Etxeleku

Prekaritate tasa adierazgarria dela azpimarratu du Filgi Claveriek, Hazkurri Bankuko komunikazio arduradunak. “Lapurdi eta Baxenabarren —hori baita gure eremua [Zuberoako Hazkurri Bankua Oloroekoari (Biarno) lotua da]—, %11-12koa da. Heldu da 30.000 pertsonaz goiti”. Claveriek ohartarazi du banaketa saskia eskuratzen dutenak baino aise gehiago direla: “Erran nahi du 18.000 badirela ez ditugunak zerrendetan”. Prekario ekarria da hilabetean 1.100 euro baino gutiagoko errebenioa duena. “Prekario erraten dute, ez baitute pobre erran nahi”, dio, artetik, Labedanek. Eremu batetik bestera, zenbakiak aldatzen direla azpimarratu du. “Biarritz, Arrangoitze, Bidarte, Getaria ikusten badituzu, %6 irian dira; pobre guti da. Baina, Iholdi, Donibane Garazi, Donapaleu iragaten badituzu, %18-19ra igotzen da”.

Barnealdeko laguntza elkarteei esker, Hazkurri Bankuak lortu du eskaintza emendatzen beharrei buru egiteko. Baina ez nahi bezainbat. Gabezia bezala bizi dute, Claveriek dioenez: “Nola egin heldu ez diren jende horiengana heltzeko. Horretan dugu zailtasuna eta hobetu behar dugu”. Erretreta sari arrunt txarrekin diren adineko franko badira horietan.

Bere indarrean hauskor

Konstituzio eskubide bat da elikadura; alta, laguntza elkarte sarea da bermatzen duena. Hazkurri Bankuan ere argi dute erakunde publikoek haien esku uzten dutela lan hori.

Boluntarioen parte hartzean oinarritua da laguntza sozial guztia, eta bere indar horretan da hauskor. “Boluntariorik ez badugu, dena gelditzen da”, erran du, garbiki, Labedanek. Hazkurri Bankuko aitzin-kontua 450.000 eurokoa da urtean. Labedanek, Frantzian, Charente-Maritime eskualdeko Hazkurri Bankuari gertatu zaiona kontatu du prezioaz ohartarazteko: “Engie elektrika hornitzailearekin kontratua bukatzen zitzaion. Horra arte, 40.000 euro ordaintzen zizkion hilabetero. Engiek igorri kontratu berrian hilero 210.000 eurotara igo zion. Artekari batekin negoziatu ondoren, 160.000 euro. Hazkurri Bankuko zuzendariak erran du: ‘Ba, ezin dut. Beraz, gelditzen dugu dena!'”. Bat-batean, prefetak eta oro asaldatu dira Hazkurri Bankuaren balizko desagertzeagatik. Hara non Frantziako Estatuak erabaki duen Hazkurri Bankuak ere prezio mugatuen multzoan sartzea. “Denak egon gara arranguraturik istorio horrekin”, aitortu du Labedanek. “Prefeturak ere deitu gaitu Pauetik jakiteko elektrika kontratua nolakoa genuen”.

Bilketako irakaspenak

Azaro bukaerako azken bilketan, herritarrek 110 tona hazkurri eman dizkiote Hazkurri Bankuari Ipar Euskal Herriko saltegi aitzinetan. Iazkoari konparatuz, %7 gutiago. Bestetan baino apaltze ttipiagoa, halere. Iparraldean “eskuzabaltasun izugarria eta elkartasun bultzada” handia badela dio Claveriek.

Bilketa momentu horiek gizartearen zinezko argazkiak direla erran du, bestalde. “Gizarteaz pentsa dezakezun guztia hor duzu supermerkatuko atean. Zure auzoarena izan daitekeen erreakzioa baduzu”. Etorkinei emateko denez galdegiten duten arrazisten oharrak badira. “Baina, dena den, horiek ez dute ematen”, argitu du Labedanek. Gutiengoa direla erran du Claveriek: “Gehiengo handi-handiena da ematen duena”.

Baionako Hazkurri Bankuko boluntarioak bereizketa egiten. Argazkia: Iñaki Etxeleku

Lehen ez bezala denetarik biltzen dute bilketa horietan, jendeari hazkurri eta puska aniztasun bat eskatzen baitiote. “Janari oreka hobetu dugu azkar”, dio Labedanek. Saltegi handietarik heldu zaizkien hazkurrietan kasu egiten diote sanotasunari. “Hazkurri Bankua ez da zikinontzi bat. Biltzen duguna egunero bereizten dugu, berriz paketatzen. Kalitatea zaintzen dugu”.

Deus ez galtzea xede

Urrunago joan nahi luke Hazkurri Bankuak. Partikularki, eskuratzen dituen baratzekari eta fruituak eraldatzeko tailer bat muntatzea gogoko luke, galtzerik batere ez ukaiteko.

Egoitzara heltzen zaizkion barazki eta fruituetan bereizketa bat egin behar du, ez baitira denak zuzenki banatzeko gisan. “Urtean ehun tona gelditzen zaizkigu banatuezinak direnak”. Konpostera edo zerri hazle batzuen etxera joaten dira. Labedan segur da bereizkin horiek eralda daitezkeela “erreximenta, salda, fruitu jus edo pasta gisa”. Funtsean, beste eskualde batzuetan egiten dute. Horretarako, eraldatzeko tailerrak behar lirateke: bata hotzean, bestea beroan egiteko. “Bederen erdia salbatzeko: 30-40 tona”.

Behar gabeko janari xahutze orokorrari buru egiteko molde bat zaio Labedani. “Frantzian, laguntza elkarteek 300.000 tona janari begiratzen dituzte botatzetik. Jakinez, diotenez, hamar milioi tona janari botatzen dela urtero, Frantzian. Ikusten duzu zenbat baden hobetzeko. Ongi kudeatua balitz, anitz jenderi emanen genuke jatera”.

Hazkurri Bankuaren egoitza, Baionan. Argazkia: Iñaki Etxeleku

HAZKURRI BANKUA ZENBAKITAN

12.500 BEHARDUN Hazkurri saskiak banatzen dizkien jendeak, urtean.

34. Hazkurriak helarazten dizkien laguntza elkarteak.

1.200. Tonatan, 2021ean banatu hazkurri zama.

2,3. Milioitan, 2021ean banatu apairu kopurua.

180. Boluntario orotara, txandaka ari direnak urte osoan.

40. Boluntario inguru egunero.

810. Azaroko bilketa asteburu nagusiko boluntarioak.

%70. 65 urtez goitikoak diren boluntarioak.

5. Soldatapeko langileak.

6/7. Hazkurri Bankua asteko zazpi egunetarik seitan ari da.

07:00-13:00. Bereizketa, altxatze, kamioi kargatze, banaketa lanen eguneroko ordutegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.