Aingeru Zudaireren kasua aztertu zuen epailea Gironara lekualdatu dute

Fermin Otamendi magistratuak Nafarroako zenbait kasu esanguratsuren ikerketan parte hartu du: garbitzaileen sektoreko protesten ondorioz egon ziren atxiloketak, 'Osasuna auzia', 'Cervera auzia', 'Davalor auzia' eta Aingeru Zudaireren kasua.

Aingeru Zudairek begi bateko ikusmena galdu zuen pilotakada baten ondorioz, artxiboko irudia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 9a
11:57
Entzun

Joan den ostiralean argitaratu zen Espainiako aldizkari ofizialean Fermin Otamendi Iruñeko Instrukzioko 2. zenbakiko Auzitegiko epailea Gironara (Herrialde Katalanak) joanen dela. Hemendik aurrera ez du instrukzio penalaren arloan lan eginen, administrazio publikoarekin zerikusia duten auzietan baizik. Apiriletik bajan dago, eta, antza denez, geroztik daramatzan atzerapenengatik lekualdatuko dute. Izan ere, lanetik kanpo zegoen bitartean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ikuskapen bat egin zion haren epaitegiari.

Gora beheraz jositako ibilbidea izan da Otamendirena. Bertzeak bertze, honako kasu hauek izan ditu aztergai: garbitzaileen sektoreko protestetan egon ziren atxiloketen kasuan, Osasuna auzia, Cervera auzia, Davalor auzia eta Aingeru Zudaireren kasua.

Azken horrek oihartzun berezia izan zuen: orain dela hamar urte Espainiako Poliziak gomazko pilotakada batekin zauritu zuen Zudaire, eta begi bateko ikusmena galdu zuen. 2016ra bitarte, hiru aldiz artxibatu zuten kasua; 2014an, adibidez, Otamendik auzia itxi nahi izan zuen. Nafarroako Auzitegi Probintzialak, ordea, Zudaireren helegitea onartu zuen, eta ikerketarekin segitzeko eskatu zion Otamendiri. 2019ko sententziak Poliziaren pilotakada batek Zudaire zauritu zuela ondorioztatu zuen, eta polizia bat auzipetu zuten. Hala ere, tiro nork egin zuen frogatu ezin zutenez, polizia absolbitu zuten. Azkenean, joan den azaroan Auzitegi Nazionalak Espainiako Barne ministerioari agindu zion 100.000 euroko kalte ordaina emateko Zudaireri.

Itxi gabe

Davalor auzia, ordea, itxi gabe utzi du Otamendik. Kasu hori Auzitegi Gorenaren esku zegoen, baina Manu Aierdik Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilari kargua utzi zuenean izaera foruduna galdu zuen, eta auzia Iruñeko epaitegira pasatu zen, Otamendiren eskuetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.