Pentsiodunen hainbat elkartek, tartean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua dela, adierazpen bat sinatu dute, eta, besteak beste, arbuiatu dute Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako Ministerioak pentsioak kalkulatzeko epea 30 urtera luzatzea (bi okerrenak baztertuta), eta berriro 15 urteko epea ezartzeko eskatu dute, 2011. urteko erreformaren aurretik indarrean zegoen bezala (geroztik 25 urtekoa da).
Elkarte horiek salatu dutenez, pentsioa kalkulatzeko urte kopurua handitzeak «etorkizuneko pentsioak murriztea baino ez du helburu». Gogoratu dute hainbat mobilizazio antolatu dituztela azken hilabeteetan, eta ohartarazi dute «kalean» jarraituko dutela asmo hori geldiarazteko. «Talde politikoak eta gobernuak estu hartzen jarraituko dugu, gure eskaerak bete ditzaten eta konpromisoak bete ditzaten».
Pentsioen kalkulu aldia berriro 15 urte izateaz gain, beste eskaera batzuk egin dituzte: 2021ean eta 2022an pentsioek galdutako erosahalmena berreskuratzea; urte arteko KPI metatuaren (KPI erreala) arabera handitzea; gutxieneko pentsioak igotzea, lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko; koefiziente murriztaileak ezabatzea 40 urtetik gorako kotizazio karrerei; eta pentsioei buruzko negoziazioetan solaskide gisa parte hartzea, besteak beste.