energia

Bartzelona-Marseilla gasbideak hidrogenoa baizik ez du garraiatuko

Hasieran gas naturala eramateko asmoa alde batera utzi dute Frantziako eta Espainiako gobernuek, Europako Batasunaren finantzaketa ere jaso ahal izateko

Antonio Costa, Ursula von der Leyen, Pedro Sanchez eta Emmanuel Macron, Alacanten. KAI FOSTERLING / EFE
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 9a
17:57
Entzun

MidCat zen lehenik, Bar-Mar ondoren, eta H2Med azkenean. Izen saltsa horren atzean dago Katalunia eta Frantzia lotu behar dituen gasbidea. 2030erako prest izango dela agindu dute Frantziako eta Espainiako gobernuek, baina ez du azkenean gas naturala garraiatuko (nagusiki, metanoa), baizik eta hidrogenoa besterik ez.

Dirua da aldaketaren arrazoia. Gasbideak 2.500 milioi euroren kostua izango duela kalkulatu dute, eta horren erdia Europako Batasunak bere gain hartzea nahi dute Parisek eta Madrilek, baina horretarako baldintza da erregai fosiletarako ez erabiltzea. Hidrogenoarekin lotutako proiektuak, ordea, bai finantzatuko ditu EBk, etorkizuneko bere energia iturrietako bat izatea nahi duelako.

H2Med gasbidea ofizialki aurkeztu zuten atzo Alacanten (Valentzia) Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Pedro Sanchez Espainiakoak, eta Antonio Costa Portugalgoak. Azken horren esku hartzea ere beharrezkoa zen, H2Med gasbidea Portugalera ere iritsiko delako.

Proiektuaren asmoa da Iberiar Penintsulan energia berriztagarriekin sortutako hidrogenoa Europara garraiatu ahal izatea, Marseillako portutik barrena.

Aldaketa handia da hori hasierako asmoekiko. Izan ere, 2013an abiatu zutenean, MidCat gasbidearen xedea zen Kataluniako Pirinioak zeharkatuz Espainiako eta Frantziako gas sareak batzea, Errusiatik iritsitako gas merkea garraiatzeko. Frantziako Gobernuak 2019an utzi zuen proiektua, kostu handia izateaz gain, ingurumen arrazoiengatik ere protesta handiak sortzen ari zelako. Ukrainako gerra hasi eta Errusiako gasaren iturria ixten hasi zenean, Espainiak proiektua berpiztu nahi izan zuen, baina kontrako norabidean: Aljeriako gasbidetik iritsitako gasa eta bere portuetara heldutako GNL gas natural likidotua Europa iparraldean banatzea zen helburua.

Euskal Herriko gasbideak

Gasbide horrek bikoiztu egin zezakeen bi sareen artean dagoen lotura, gaur egun Euskal Herria zeharkatzen duten bi gasbide txikietatik baizik ez delako egiten: Lapurdi eta Gipuzkoa lotzen dituenetik (Euskadourra), eta Zuberoa eta Nafarroa artekotik (Larraineko gasbidea).

Parisek uzkur hartu zuen proposamena, baina Espainiaren eta Alemaniaren presio handien ondoren, urrian onartu zuen gasbide bat egitea. Ez zituen, ordea, Pirinioak zeharkatu behar, baizik eta Bartzelonako eta Marseillako portuak, eta horregatik BarMar izenarekin bataiatu zuten.

Lehen aldi batean gas naturala garraiatu behar zuen eta bigarren batean, hidrogenoa modu merke batean sortzeko teknologia garatu ondoren, gas hori ere garraiatuko zuela esan zuten orduan. Baina bi hilabete geroago, HSMed bataioarekin batera, hidrogenoa baizik ez du garraiatuko.

Madrilek nahi du hidrogeno berdea baizik ez izatea (energia berriztagarriek elikatutako makinek uretik sortutakoa), baina Parisek hidrogeno arrosa ere nahi du (nuklearretik sortutakoa). Bata edo bestea izan, oraindik ikusteko dago zer eskari izango duten 2030an.

Portugalgo zatia

Bartzelona-Marseilla gasbiderako beharko diren 2.500 milioi euroz gain, beste 350 milioi beharko dira Celorico de Beira (Portugal) eta Zamora (Espainia) arteko gasbide berrirako. Ondoren, Zamora eta Bartzelona nola lotuko dituzten ez dakitela onartu dute Espainiako Gobernuko iturriek. Hidrogenoa sortu behar duten enpresa pribatuek zeresana izango dute ibilbidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.