Azpiegiturak

AHTaren aurkako desfile erromatarra egin dute Iruñean

Azpiegituraren zentzugabekeria irudikatzeko parodia egin dute Iruñea erdigunean, eta datorren urtean eraikuntzara bideratu nahi diren 71 milioi euroak gastu sozialerako erabil daitezela aldarrikatu dute.

Erromatarren desfile militarra Iruñean. Orain Ardura elkarteak antolatu du protesta. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2022ko abenduaren 10a
15:33
Entzun

Erromatarrek Pompaelo hartu dute berriro. Nafarroako Jauregi aurretik manifestazio berezia abiatu da: Cesar eta Cleopatraz mozorroturiko bi lagun desfilearen aurrealdean eta haiei inguraturik legio erromatar bat;guztiaren buru, onura baino kalte gehiago eragiten duen sinbolo gisa elefante zuriaren irudia joan da; eta, atzetik, berriz, AHTren dirua gastu sozialerako dioen kartelaren atzetik ehunka lagun.

Horixe izan da gaur eguerdian iruindar askoren harridura eragin duen parodiaren mezu nagusia. Datorren urteko estatuko aurrekontuetan 118 milioi euroko inbertituko dira Nafarroan eta horietatik 71 milioi euro zuzenean AHTren azpiegitura eraikitzeko erabiliko dira. Protestan barreiatuta zeuden karteletan zein parte hartzaileek aldarrikatuetako mezuetan maiz errepikatu da diru hori hezkuntzara, osasunera, euskarara, zaintzara edo migratzaileen laguntzetara bideratu beharko litzatekeela.

Erromatarren parodia ez da halabeharrezkoa izan. Izan ere, aurten AHTren eraikitze obretan, Tafalla aldean, gaztelu erromatar baten arrastoak agertu dira eta ondorioz 200 metro aldatu behar izan dute ibilbidea. Protestaren bidez, arrasto arkeologikoak gordetzeko eskatu dute.

Halaber, udan, langileen lanaldi luzeak eta lan baldintza kaskarrak salatu dira eta hori irudikatzeko manifestazioan erromatarrek sareak bota dituzte «esklaboak harrapatzeko». Horrekin kritikatu dute «langileen diruarekin esklaboak erabiltzen» direla XXI. mendeko komunikazio egiturak eraikitzeko, «erromatarren garaian galtzadak eraikitzeko egiten zen moduan».

Luze jo du desfileak. Carlos III. etorbidetik Nafarroa Beherea etorbidean gora igo eta autobus geltokirantz jo dute, handik Foruen plazan amaitzeko. Bertan, Cesarrek eta Cleopatrak hartu dute hitza, umorez, egungo iruindarren erreguak entzun eta haiez iseka egiteko. «Alkatea auzoetara jaisten den moduan, Cesarrek eta Cleopatrak herri xehea entzuteko. Badakizue inperioarentzat ona dena, zuentzat ere ona dela, baina gaur zuen kritikak entzungo ditugu».

Tonu ironiko horrekin, gizartearen nahiei entzungorrarena egitea antzeztu dute. Alta, barre gehien Bernardo Ziriza Lurralde Kohesioko kontseilariarena egin duen herritarraren pasarteak eragin du. Agintari erromatarrek barre egin dute AHTren azpiegituraren helburuez itaunduta, Zirizak xehetasunak eman dizkienean: AHTk ez du merkantziarik garraiatuko, ez du konexiorik Frantziarekin, eta Castejon Campanasekin lotuko du.

Mezua amaieran

«Gaur, gure agintariez trufatu gara, beharra genuen. Beraiek egunero egiten dute barre gutaz. Langileon zerga kopurua handia erabiltzen dute ezertarako balioko ez duen azpiegitura erraldoi eta suntsitzailea eraikitzeko gehienon bizi baldintzak okertzen dituzten bitartean», salatu du Gorka Ovejero Orain Ardura elkarteko kideak. Gogorazi du diru hori hobe litzatekeela zerbitzu publikoen sendotzean, etxebizitza publikoan edo herritarren lan baldintzen hobetzean erabiliko balitz.

Ovejerok eta Bea Aranak gaitzetsi dute «barregura baino negargura» eragiten diela azpiegituren obran 71 milioi euro xahutzea. «Gaur egun, enpresa eraikitzaileen, multinazionalen eta agintari politikoen inperioaren menpe bizi gara langileok, kapitalismoaren inperioaren menpe. Zibilizazioaren onurarako baino aurrerabidearen alde izango dela diote gaur egun, eta totem hori erabiltzen dute bizitzaren oinarriak suntsitzeko».

Orain Ardurako ordezkariek gonbita egin diete herritarrei AHTren obrak bertatik bertara ezagutzeko: «Hor ikusiko duzue zenbat hektarea lur mugitzen, okupatzen, antzutzen eta basamortutzen ari zaizkigun. Ez da bakarra. Nafarroako ubideak, zentral termikoek, makroetxaldeek, parke eoliko eta fotovoltaikoek eta transgenikoek kaltetzen dute gure lurra, ura eta arnasa. Dena, industria eredu bat indartzen duten bitartean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.