Lehen talde politikoak osatu dira Euskal Hirigune Elkargoan

Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat ontzat eman ditu Etxegaraik. Finantza eta fiskalitate gaiek elkargoko hautetsien arteko desadostasunak agerian utzi dituzte, beste behin

jarraia221827.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko abenduaren 10a
15:50
Entzun

Jakes Abeberri omenduz hasi dute, larunbat goiz honetan, Euskal Hirigune Elkargoko urteko azken batzarra, Baionako Arte Hiriko Henri Grenet auditoriumean. 92 zituela zendutakoa «bizitza politiko eta kulturalaren zutabe» gisa aurkeztu du Jean Rene Etxegarai lehendakariak, eta minutu bateko isilunea eskatu du. Baina fite pasa dira bildutasunetik eztabaida sutsuetara. Finantza eta fiskalitate arloan izan da tentsio gehien, baina hizkuntza politikak ere erreakzioak eragin ditu.

Saioa hasterako jakinarazi du Etxegaraik bi talde politiko osatzeko eskaera jaso duela: ezkerreko abertzaleak bilduko dituen Bil Gaiten, eta Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) hautetsi eta Errobi lurralde eremuko erreferentearen inguruan elkartu den Elkarrekin Herriarentzat etiketarik gabeko talde anitza. Elkargoaren sorreratik agertu den berritasun nagusietako bat da, eta hemendik aitzina batzarretako dinamikan eraginen duela espero da.

Anne Marie Nadaud Heletako (Nafarroa Beherea) hautetsiak aurkeztu du Elkarrekin Herriarentzat gainerako hautetsien aitzinean. «Oposizio» izatea ukatu du: «Ez dugu besteek baino hobeki egiteko usterik. Beharra sentitzen dugu gure herritarrentzat baliagarri izateko, eta gure ustez elkargoan galdu dugun hurbiltasun bat berreskuratzeko». Etxamendik ere hartu du hitza. Ideien eztabaida «aberastu nahi dugu» erran du. Baliabideak ere eskatu ditu talde politikoek funtzionatzeko gaitasuna izan dezaten. Ondoko hilabeteetan aurrekontuaren eztabaidan sartuko den puntu garrantzitsu bat izanen da.

Lurralde orekaz eztabaida

68 delibero izan dituzte eztabaidagai atzoko biltzarrean, eta gehienak eztabaida handirik onartu dituzte; horien artean aipa liteke elkargoko mendi politika. Baina aurrekontuen aurkezpena iritsi denean desadostasunak agertu dira. Etxelekuk eskatu du hitza. «Tematia naiz» erran du. Elkargoak egiten dituen inbertsioak lurraldeka nola banatuak diren argitzeko eskatu dio Kotte Ezenarro finantza arloko lehendakariordeari, beste behin. «Ekainean hitz eman zenuen, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso». Elkarrekin Herriarentzat taldearen izenean mintzatu da.

Eskaera entzun dutela erantzun dio Ezenarrok. «Lotu gatzaizkio lan horri eta erantzuna emanen dizuegu. Gure zerbitzuak lanean ari dira asmo horrekin». Gogorrago mintzatu da Etxegarai bera: «Beti auzoari begira ari gara», adierazi du. «Politika publiko batzuen kasuan jakin nahiko nuke nola zehaztu dezakegun zer herriri dagokion». Unibertsitatea eta goi mailako ikerketa aipatu ditu. «Badira sail batzuk denentzat direnak. Hodien neurria neurtzen hasten bagara ikusteko nor den zerbitzatuena... ganibetak eta sardexkak kontatzen hastean dibortzioak datoz». Claude Olive Angeluko auzapezaren hitzetan «diru sarrerak nondik datozen ere ikusi behar da» .

Haserre mintzatu zaio Etxegarai Etxelekuri: «Jasanezina da susmo hori; pentsatzen batzuk galkatzen ari diren bitartean besteak bide bazterrean direla». Zenbakiak izanen dituela erran dio, baina errespetua eskatu du. «Komunitatea eraikitzeko gisan aritu gaitezen. Ez begiratu proiektu bakoitzaren zilborrari».

Euskara eta gaskoia

Aurrekontuen eztabaidaren harira, Elkarrekin Herriarentzat taldean parte hartzen duen Alexandre Bordes Erangoko (Nafarroa Beherea) auzapezak euskara eta gaskoiaren arteko desoreka azpimarratu du. «Zenbat ematen zaio Korrikari eta zenbat La Passemi?», galdetu du. Gaskoiaz arduratzeko misio kargudunaren lanpostua bete gabe dagoela, eta dokumentuetan gaskoia eskas dela ere deitoratu du. Txaloka hartu du bere hitzartzea Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapezak.

Irmo erantzun dio, haatik, Antton Kurutxarri hizkuntza politikarako lehendakariordeak. Euskal Elkargoak euskara eta gaskoia sustatzeko herriko etxeei proposatzen dizkien hobekuntza kontratuak aipatu ditu. «Herriko etxe bakar batek ere ez digu gaskoiarentzat eskatu». Korrikarako eta La Passemerako elkargoak kilometro bana hartu zutela gogoratu du, eta Elkargoak sustatzen dituen gaskoiaren aldeko proiektuak ere zerrendatu ditu. «Zuek egin behar duzue, herriek, eta elkargoak lagunduko du».

Dokumentuak hiru hizkuntzatan egitea «garestiegi» dela argudiatu du Olivek: «Frantsesez bakarrik denek ulertzen dute». Sebastien Ihidoi Mendibeko (Nafarroa Beherea) auzapezak kontrako adibidea eman dio Bordesi «Oloroeko (Okzitania) herri elkargoaren parte da Eskiula (Zuberoa), eta ez du dirurik ematen euskararentzat. Ez dut uste han halako eztabaidarik dutenik». Bi hizkuntzak «mespretxatzen» dituen Frantziako konstituzioa da arazoa Egoitz Urrutikoetxea Lexantzüko (Zuberoa) hautetsiaren iritziz. Florence Lasserre Angeluko hautetsi eta Modemeko diputatuak marmar ozen bat egin du, eta buruarekin desadostasuna adierazi du.

Interes komunitarioa

Bokaleko hirigintza planaren harira etxebizitzak eraikitzeko moldeari buruz eztabaida sortu da ondoren. Baina interes komunitarioko azpiegiturak zeintzuk izan behar diren aipatzean sortu da eztabaida gehien. Hautetsi batek baino gehiagok adierazi du herriek zenbait azpiegitura ordaintzeko duten ezintasuna. «Ezinezkoa da elkargoak dena ordaindu dezan», ebatzi du Etxegaraik, baina, horri buruz proposamena egiten zuen 55. deliberoa gai zerrendatik kentzea erabaki du. Gaiarekin lanean segituko dutela erran du, eta agindu zuen 2023ko lehen hiruhilerako trenkatuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.