Euskal presoak

Sareren martxa egin dute Durangon, euskal presoen giza eskubideen alde

Euskal presoen hirugarren graduen erregresioaren kontra elkartu da jende andana. Bego Atxa Sareko bozeramaileak salatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak muzin egiten diela espetxeetako profesionalek hartutako erabakiei.

Sareren manifestazioa Durabgon, gaur. GOTZON HERMOSILLA
Xabier Martin - Gotzon Hermosilla
2022ko abenduaren 10a
18:18
Entzun

Durango kaleetan barna joan da Sarek deitutako manifestazioa, euskal presoen giza eskubideen alde eta hirugarren graduen erregresioaren kontra. Joseba Azkarraga bozeramaileak esan du, Landako gunetik martxa abiatu aurretik, Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarrerak ez duela inolako logikarik, eta mendekua duela oinarri, presoek graduan aurrera egitea oztopatzen duenean. «Lege arrunta aplikatuz gero, presoen ehuneko 64k kalean beharko lukete», esan du Azkarragak. Bego Atxak, berriz, salatu du Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak muzin egiten diela espetxeetako profesionalek hartutako erabakiei.

Sareko eledunek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak 33 presori eman die hirugarren gradua eta erdi askatasuna, baina fiskalak 23 helegite jarri ditu. Ondorioz, sei preso espetxera itzuli dira, eta hamahiru erabakiaren zain daude orain. Urtarrilaren 7ko manifestaziora dei eginez amaitu da manifestazio osteko ekitaldia: «Gobernuak eta estatuak ez dira mugitzen, mugiarazi behar ditugu».

Etxeraten elkarretaratzea

Goizean, berriz, Etxeratek protesta egin du Ajuria Eneko Jauregiaren aurrean, Gasteizen, «Estatua baztertzen ari delako euskal presoen hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasunak». Giza eskubideen defentsan, salbuespen politika stop lelopean egin du elkarretaratzea euskal presoen senitartekoen elkarteak. Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, esan dute Espainiako Auzitegi Nazionalak «apartekotasunari» eusten diola euskal presoen kartzela politikari dagokionez. «Eskubideak urratzen ditu» auzitegi horren ildoak, eta soilik «zigorrean du funtsa» haren politikak. «Aski da Aznarren garaiko 7/2003 legearen apartekotasuna sistematikoki aplikatzeaz», esan dute Etxeratek bozeramaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.