Espainia

Madrilek ukatu egin du Zigor Kodearen erreforma buruzagi independentistentzako «berariaz» eginda dagoela

Diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua moldatzeko erdibideko zuzenketa bat aurkeztekoa da PSOE. Zigorrak sei urtetik lau urtera jaitsiko lirateke.

Espaniako Gobernuo presidente Pedro Sanchez eta Pere Aragones Generalitatekoa, uztailean, Mocloan. EMILIO NARANJO / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko abenduaren 12a
14:06
Entzun

PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuak zehaztua du dagoeneko Espainiako Zigor Kodearen barruan diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituaren erreforma, Madrilek Kataluniako «gatazkaren desjudizializazioa» bultzatzeko. Zehazki, ERC Esquerra Republicanak joan den ostiralean Zigor Kodearen erreforman diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua moldatzeko zuzenketari —irabazi asmorik ez dagoen kasuetan zigorra hiru urtekoa izatea— erdibideko zuzenketa bat aurkeztekoa da PSOE, gaur. Horrela, delitu horregatik auzipetutako prozesu subiranistako buruzagiek gehienez lau urteko espetxe zigorrari aurre egin beharko liokete, eta ez sei urteko zigorrari. Hori bai, Madrilek ukatu egin du Zigor Kodearen erreforma buruzagi independentistentzako «berariaz» eginda dagoela eta despenalizazioa dakarrela. Hala zehaztu du Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministro Isabel Rodriguezek.

«Lanean ari gara, hain zuzen ere, jarrera usteletatik argi eta garbi eratortzen diren eta garai honetan zigortuta ez zeuden gaiak gogortzeko eta aintzat hartzeko, hala nola justifikaziorik gabe aberastea», esan du Rodriguezek RNE Espainiako Irrati Nazionalean emandako elkarrizketa batean. Nabarmendu duenez, PSOEk aurkeztutako erdibideko zuzenketak zigorgarri gisa hartzen ditu diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitu mota guztiak, eta, beraz, delitu gisa hartzen ditu. Bide horretan, ministroak baztertu egin du, halaber, erreformak ustelkeriagatik zigortutakoentzako albo ondorio onuragarririk duenik. Espainiako Gobernuak Kataluniako «bizikidetzan aurrera egiteko» duen konpromisoaren barruan kokatu du erdibideko zuzenketa ministroak, eta erantsi du «gatazka politikoak politikatik» konpontzen direla.

ERCk joan den astean proposatu zuen delitu horretan zigorrak bereiztea diru publikoarekin aberastu direnen eta irabazi asmorik gabe jokatu dutenen artean, 2015ean PPk zigor kodea erreformatu aurretik delituak zuen definizio antzeko batera itzulita. Katalunian agintean den alderdiak azaldu zuenez, irabazi asmorik ez dagoen kasuetan zigorra hiru urtekoa litzateke gehienez. Generalitatean agintean den alderdiaren helburua da estatuak delitu hori «berriro ez erabiltzea era arbitrarioan, mugimendu independentistari jazartzeko». Moldaketa horrek ez luke bide emango ustelkeriagatik zigor arinagoak ezartzeko, ERCren esanetan.

Ikusi gehiago: Madrilek Konstituzionalaren berritzea desblokeatzeko lege aldaketa bultzatuko du

Dena dela, UPk berretsi du ez duela sinatuko —ezta horren aurkezpenean parte hartuko ere— PSOEk ERCrekin egindako erdibideko zuzenketa, sedizio lege berriaren barruan diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua erreformatzeko. Hala ere, adierazi du «oraingoz» ez duela bidea oztopatuko. UPren talde parlamentarioko presidente Jaume Asansek onartu du eremu morea «oso zabala» dela, eta eztabaida bizia dutela koalizioaren barruan, ustelkeria kasuetan diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituaren erreformak izan dezakeen eraginari buruz.

ERCko presidente Oriol Junquerasek, berriz, «fede oneko independentista eta demokrata» guztien «laguntza» eskatu du sedizio delitua ezabatzeko eta irabazi asmorik gabeko diru publikoa bidegabe erabiltzeko delitua despenalizatzeko, «gurpilei itzuliak emateari utzi beharrean». TV3 Kataluniako telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean, Junquerasek argitu gabe utzi du zer iritzi duen PSOEk aurkeztu behar duen erdibideko zuzenketaren inguruan. Hori bai, esan du ERCk Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkari gehiago izan balitu alderdi subiranista «urrunago» irits zitekeela.

Ustelkeriaren aurkako legea

PSOEk eta UPk ustelkeriaren aurkako legedia indartu dute, legez kanpoko aberaste bidegabearen delitu bat sortuta. Berritasun horrekin, eta gobernuko taldeek behin eta berriz adierazi dutenez, «ustelik ez da erreforma horren onuradun izango», ez baitute ustelkeria kasu handiei dagokien diru publikoa bidegabe erabiltzearen zatia doitu. Gobernuak espero du lege aldaketa horrek eragin duen zalaparta apaltzea, eta, era berean, prozesu subiranistari irtenbide bat ematea, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak joan den astean adierazi zuen gisan.

Madrilen iritziz, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituaren erreforma «ezin hobeto» egokitzen zaio prozesu subiranistari; Fiskaltzaren arabera, Generalitateak 3,4 milioi euro inguru desbideratu zituen 2017an independentziarako erreferenduma egiteko.

El Pais egunkariaren arabera, Zigor Kodearen 433. artikulu berriaren testua, oraindik negoziatzen ari den erdibideko zuzenketa onartuz gero aterako litzatekeena, gisa honetara geratuko litzateke:

«Agintari edo funtzionario publikoak, aurreko artikuluen artean egon gabe ere, kudeatzen duen ondare publikoari bestelako erabilera publiko bat ematen badio, orduan, horri urtebete eta lau urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaio; baita enplegu edo kargu publikorako inhabilitazio berezia ere, bi eta sei urte artekoa, hori esleituta dagoen zerbitzuaren kalte edo oztopatze larria gertatzen bada. Eta halakorik ez badago, enplegu edo kargu publikorako inhabilitazioa ezarriko zaio, urtebete eta hiru urte artekoa, bai eta hiru eta hamabi hilabete arteko isuna ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.