Migratzaileak

Prefetak ezeztatu egin du migratzaile bat bortxaz kanporatzeko hegaldia

Martial Ehouman Gaueko Mahaiko laguntzaile bolikostarrak Frantziako Estatutik kanporatzeko agindua jaso zuen uztailean, eta, orain, Miarritzetik Abidjanerako hegaldi baten bidez kanporatu nahi zuten, ostegunean. Prefetak jaramon egin dio hegaldia ezeztatuz.

Gaueko Mahaiak egindako prentsaurrekoa, goizean, Baionan. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 13a
11:43
Entzun

2020an heldu zen Baionara Martial Ehouman, Boli Kostatik. Geroztik, Ipar Euskal Herrian egin du bizia, eta, besteak beste, Gaueko Mahaian laguntzaile gisa ari da. Uztailean, ordea, lanetik ateratzean, Frantziako Poliziak kontrolatu zuen, eta berehala Frantziako Estatutik ateratzeko agindua ezarri zioten. Harrezkero, 45 egunez polizia etxera joan behar izan zuen astean bi aldiz, kontrol judiziala betetzera. Hiru helegite bide aurkeztu ditu haren abokatuarekin batean, baina oraindik ez dute erantzunik ukan. Egoera, alta, larrialdizkoa bilakatu da: ostegunean Miarritzetik (Lapurdi) Abidjanerako (Boli Kosta) hegaldi batean sartu nahi zuten bortxaz, sorterrira itzularazteko. Azkenean, prefetak hegaldia ezeztatzea erabaki du arratsaldean, nahiz eta kanporatzeko agindua oraindik posible den.

Egoera ikusita, Gaueko Mahaiko boluntarioek protesta egitea deliberatu dute. Atzo arratsean ezohiko batzarra egin zuten, eta erabaki zuten ostegun gauera arte afaririk ez banatzea. Beharretan direnei afariak ematen dizkie elkarteak, eta, gauero, batez beste 102 apairu prestatzen dituzte. «Erabaki azkarra da, injustua iruditzen zaigun egoera bat salatzeko. Prefetari eskatzen diogu Martial Ehoumanen kasua berriz aztertzeko, eta haren kontrako neurriak kentzeko», adierazi du Cathy Loubressac elkarteko lehendakariak. Gainera, manifestazioa antolatu dute biharko: 18:30ean abiatuko da, Baionako Pausa etorkinen harrera gunetik.

Prefetaren beha

Francisco Sanchez Rodriguez Ehoumanen abokatuak azaldu duenez, Frantziako Estatutik kanporatzeko aginduari helegitea ezarri diote, eta Bordeleko auzitegi batean (Okzitania) aztertzekoa dute urtarrilean. Haatik, helegiteak ez du balio agindua behin-behinean eteteko, eta, horregatik, berehalako kanporatze arriskuan dago Ehouman oraindik ere, nahiz eta osteguneko hegaldia ezeztatu. Prefetaren esku da kanporatze agindua etetea.

Hortaz, Ehoumanek egonaldi baimen agiri berezi bat eskatu dio prefetari, Baionan «integratua» dela argudiatuz. Salatu du bizi duen egoerak «ikaragarrizko estresa» eragiten diola, eta egoera «ankerra» dela. «Biziki gogorra da bizi dudana, eta ez dut ulertzen nolaz posible den halakorik gertatzea». Prefetaren erantzunaren beha dago orain, eta, anartean, «ingurukoen mobilizazioa» eskertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.