Bertsolari Txapelketa Nagusia

Nafarroa Arenako finalerako prest dira zortzi bertsolariak, «ilusioz eta arduraz»

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Iruñean izateak duen «esanahi politikoa» nabarmendu dute, eta iradoki igandekoa «festa bat» izanen dela.

Uxue Rey Gorraiz.
2022ko abenduaren 13a
15:07
Entzun

Finala Iruñean eginen zela iragarri zenetik zuten bertsolariek begiz joa Nafarroa Arena. Eta finalean sartzea lortu dutenek begien aurrean izan dute gaur; hutsik, baina. Bestela izanen da igandean: 13.000 zale bilduko ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak. Gaur aurkeztu dute, zortzi finalistak zirela protagonista: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Atzerako kontaketan sentitzen dituzten «ilusioa eta ardura» nabarmendu dituzte guztiek. Hala, zehaztu dute lehia «nork bere buruarekin» izanen duela, besteekin bainoago. Dena dela, txapel bakarra da Iruñean ematekoa.

Nekez aurreikus daiteke zer gertatuko den igandean, baina susmo batzuk aitortu ditu Bertsozale Elkarteko ordezkari Gontzal Agotek. Aurtengo Txapelketaren atzera begirako bat egin du horretarako: «Plazetan gertatzen ari diren gauza asko gertatu dira txapelketan, eta uste dugu badirela baldintzak horixe bera gertatzeko igandean ere. Final ederra izango da». Agotek xehe azaldu du zer diren «plazetan gertatzen ari direnak». Besteak beste, «aniztasuna» aipatu du, «bertsokeran, gaien heldulekuetan, ertzak bilatzeko maneretan, bide berritzaileak urratzean ekarpenak egiteko ahaleginean, gaitegian, norberaren begiradaren gaineko lanketan...». Dago horiek guztiak ere ikusiko direla Nafarroa Arenan.

Bertsolariek hori lortzea dute helburu, eta, agerraldian azaldu dutenez, denek ez dute bide bera egin finalera iristeko. Besteak beste, bai Mendiluzek, bai Arzallusek adierazi dute «luze» egin zitzaiela txapelketan kantuan hasi arteko itxaronaldia –finalaurrekoetan hasi ziren, Gaztelumendiren eta Colinaren antzera–. Laurek hartu zuten beren txanda gogotsu, eta halako aldartean aurre eginen diote finalari ere. «Aurreko finalaren aldean, beste gorputzaldi batekin iritsi naiz final honetara, eta lan asko eginda nator», aitortu du Gaztelumendik. Pozik eta seguru dago Colina ere, eta ez soilik bere buruari erreparatuta: «Ez daukat dudarik eztanda artistikoa izango dela. Festa bat».

Bestelako urratsak eginda iritsi dira finalera Martin, Illarregi eta Ibarzabal. Hirurentzat da lehenbiziko finala –Illarregik, gainera, lehenbiziko txapelketa du, eta hura da inoiz finalera ailegatutako nafar bakarra–. Besteak beste, joan diren saioetan hartutako «gozatua» nabarmendu du Martinek, «ilusioa» Illarregik, eta «poz izugarria», berriz, Ibarzabalek.

Prentsaurrekoan, jakina zena aitortu du Maialen Lujanbiok: ezin du egin bere txapelketaren inguruko baloraziorik. 2017ko txapelduna izanik, hernaniarrak oraindik ez du kantatu aurtengoan; Iruñeko finala noiz iritsiko zain izan da hasiera-hasieratik. Edonola ere, irribarrez onartu du «inbidiarik gabe» egin duela itxaronaldia, eta kontatu du gustura aditu dituela lagunen bertsoak, «zorabio emozionala» sentitu arren. «Seguru» sentitzen da finalari begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.