Bouygues Immobilieren bulegoa lurrez estali dute Marieneko eraikuntza proiektua salatzeko

Ostia kolektiboko hogei bat lagunek ekintza egin dute goizean Bouygues Immobilier eraikuntza sozietatearen bulegoan: lurra eta lastoa bota dituzte.

Ostia kolektiboaren ekintza, goizean , Bouygues Immoblieren bulegoan. GUILUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 17a
11:53
Entzun

Marienea ez hunki lelopean, hogei bat lagun sartu dira Bouygues Immobilier enpresak Angelun (Lapurdi) duen bulegora goizean. Lurrez eta lastoz betetako zego batzuekin heldu dira bulegora, aurpegia kukuturik, eta, berehala, Kanboko Marieneko lurretan (Lapurdi) den eraikuntza proiektuaren maketa lurrez estali dute. Zola ere lurrez eta lastoz bete dute ekintzaileek.

Argiki mintzatu zen Ostia kolektiboko kide bat, ekintzaren ondotik, ardi buru baten maskara jantzirik: «Bouygueseri adierazi nahi diogu baldin eta egun batez Marienean obrak hasten baditu maketarekin egin duguna eginen dugula obrekin. Betoia ezartzen badute, guk lurra ezarriko diegu. Marienea ez dute eraiki behar, eta horretan tematzen badira, jakin dezatela lanak blokatuko ditugula».

Izan ere, Bouygues Immoblier enpresak Kanboko Marieneko laborantza lurretan eraikuntza proiektu bat du: 94 etxebizitza eraikitzekoak ditu bertan. Salagoiti, Meyzenc eta Colbert familienak ziren lur horiek, eta hiru milioi eurotan saldu dituzte lau hektarea laborantza lur. «2014tik borrokatzen ari gara lur horien salbatzeko. Laborantzako balore handikoak dira: leunak, eguzkitan eta lantzeko errazak», adierazi du Ostia kolektiboak.

Borroka luzea

Urrian, jada, ehunka jendek protesta egin zuten Kanbon proiektu horren salatzeko. Ostia kolektiboak, Kanboko Nahi Dugun Herria oposizioko zerrendarekin, ELBrekin eta Lurzaindiarekin batean asteburuko okupazioa antolatu zuen orduan lurretan. Honela mintzatu zen orduan Panpi Sainte-Marie ELBko kidea: «Laborantza lur batzuk galtzeko arriskua bada. Gure xedea da laborari geroz eta gehiago izatea, biharko herritarrentzat beharrezkoa izanen baita elikagai burujabetza, egin ahala lekuan berean ekoitziz».

Oraingoz, auzitegietako bidean segitzen dute proiektuaren kontrakoek. CADE elkarteak, erraterako, salaketa ezarri zuen proiektuaren kontra, eta, oraingoz ez dute erantzunik izan.

Marieneko kasua beste kasuekin lotu dute Ostia kolektibokoek. «Arbonako kasuaren ondotik, Kanboko lurrak ditugu defendatzeko, barnealdera sartzen ari den urbanizazio uhaina eta mugarik gabeko espekulazio nahia gelditu behar ditugu». Izan ere, Arbonan laborantza lur batzuen eta dagozkien etxeen saltze prezio «espekulatiboa» salatu zuten hainbat eragilek. Salmenta bertan behera uztea lortu dute bi aldiz. Asteon, Parisen, eroslegaiaren etxe atarian, egon dira Ostia kolektiboko kide batzuk, «segurtatzeko lurrak ez zituela erosiko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.