Maialen Lujanbio

«Beste patxada batekin bizi izan dut final hau, esperientziagatik eta zentzuagatik»

Finala bukatu eta gutxira, zortzi bertsolariek egunaren balorazioa egin dute. Maialen Lujanbiok esan du «lantsua» izan zela eguna, eta presio txikiagoarekin aritu zela. Eskerrak eman dizkiete antolakuntza lanetan aritu direnei, eta plazaren garrantzia nabarmendu dute.

Lujanbio eta Arzallus, oholtzan, Gaztelumendi begira dutela. IñIGO URIZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko abenduaren 19a
11:16
Entzun

«Lantsua». Hitz horrekin laburbildu zuen Maialen Lujanbio txapeldunak atzoko eguna, bukatu eta berehala. Hirugarren aldiz jantzi du Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela, eta, aitortu zuen arren oraindik perspektiba falta zuela «burrunban» sentitzen zelako, egun luzea eta «lantsua» izan zela nabarmendu zuen. «Bila eta bila, momentu batzuetan korrontearen kontra bezala, azkenean sintonizatuago... lantsua izan delako sentsazioa daukat. Eta, ondoren, poz handia».

2005etik lehenengo aldiz, txapeldunak txapelari eutsi zion atzo. Ia 40 urtean, hiru aldiz bakarrik gertatu da hori. Finalerako zuzenean sailkatuta irabazi zuen atzo Lujanbiok, eta horretaz ere mintzatu zen. «Banekien zaila izango zela, saio batean jokatzea dena. Txapelketaren formatuan, kortse horien guztien barruan, bertsokera horren barruan jartzea kosta egiten da. Eta kosta egin zait. Azkenean, eskarmentuak ematen dizu gauzak planteatzeko beste modu bat, edo bizipenak bestela irakurtzeko eta erlatibizatzeko».

Alde horretatik, finala lasaiago bizi izan zuela gaineratu zuen: «Batez ere aldatu da nire ibilbidean gaurko saioak daukan esanahia, lehen txapel batek edo final batek suposa zezakeena eta gaur egun suposatzen duena. Ez du gutxiago balio, balio desberdina du. Taldeak eta garaiak zeukan testuinguruan, zentzu horren barruan, lasaiago bizitu dut. Ez neukan txapela irabazteko derrigortasunaren anbizio edo gogo gose izugarri hori, beharbada beste garai batzuetan gehiago eduki dezakezuna. Beste ikuspuntu batean nengoen, eta nago, azkenean eskarmentuagatik, bideagatik, edadeagatik, talde honek suposa dezakeenagatik, nik talde honetan suposa dezakedanagatik, eta horrek lasaitasun bat eman dit. Ez diot baliorik kentzen, aldatu egiten da planteamendua. Beste patxada batekin bizi izan dut, esperientziagatik eta zentzuagatik».

Gainera, eskerrak eman zizkien finalaren aurretik aurreko saio guztietan parte hartu duten bertsolari guztiei, «hainbesteko maila eta bertso ale bikainak» utzi dituztenei. Baita finalean oholtzan berarekin egon zirenei ere.

Amets Arzallus

«Maialen eta kide guztiei zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiet. Eta eskerrak Maialen korronte kontran ibiltzen den, ze alde egingo balu... edan egingo luke.

Sentitzen dut egun hau bertsoez haratago doala. Bizirik eta pozez eta etorkizunera proiekzio eta baikortasunez ikusten den egun bat da. Eta ni, bertsolari bezala baino gehiago, euskaldun bezala horren parte sentitzen naiz. Bizitzan, zoritxarrez, ez dauzkagu hainbeste egun gisa honetako festa kolektibo handi eta baikorki aldarrikatzeko, eta pozik nago neure aletxoa jarri dudalako euskaraz bizi nahi duen herri horren festan erregai bezala. Segituko dut horretan. Bertsolari eta pertsona bezala ildo horretan sentitzen naiz».

Sustrai Colina

«Ni oso pozik eta harro nago hemen izateagatik. Plaza berri bat irabazi dugu, handi bat, eta espero dut hedatze uhin handi bat ekarriko duela. Pertsonalki ez naiz disgustura aritu, batzuetan gustura ere bai. Gehienetan, ongi baina sentipen batekin, eta, hemen aritzeko, baina ongi sentipena behar da. Pozik nago erre nahi nituen kartutxoak erre ditudalako. Txapelketaren balorazioa gozoa izango da»

Alaia Martin

«Nik ere bide polit bezala gogoratuko dut. Gozatu egin dut orain artekoa, eta gaur ere, momentuka, baina gozatu dut. Esker on handia sentitzen dut, hunkitzeraino batzuetan, atzean dagoen lanagatik, zaintzagatik, bideak eman duen guztiagatik, argazki berriagatik. Arrazoi asko zeuden hunkitzeko; batzuetan deskontzentratzeko. Baina uste dut gozatzeko moduko plaza eta eguna zela. Saioan batzuetan gehiago sartu naiz, baina pozik nago talde honen parte izan naizelako eta Maialenen txapelagatik».

Joanes Illarregi

«Gaurko eguna bide luze baten bukaera da, borobiltze bat. Talde bezala goizean eta arratsaldean elkartu diren 13.000 horiei eskaini diegu bilatzen zuten hori. Pertsonalki, lortu dut aldarte on batekin kantatzea, eta, oholtza handi batean horrek gaina niri hartu beharrean, hor egotea lortu dut. Hor asmatu dut».

Nerea Ibarzabal

«Zortedun sentitzen naiz, hemen egoteagatik eta Maialenen txapela hain gertu ikusteagatik. Kolektiboki gauza ederrak egin ditugu. Nik ez dut hain ongi pasa, eta nire amets gaiztoa izan zitekeena gertatu da: pozez beharrean, beldurrez aritu naiz. Ez nintzen ari gozatzen: barruko ahotsa geroz eta ozenago eta ilunago. Arratsaldera arte ez dut pozarekin konektatu, eta pertsonalki neure buruarekin haserre noa, bukle bat elikatu dudalako».

Beñat Gaztelumendi

Pribilegioa da Iruñeko lehen finaleko partaide izatea. Argazki horren parte baginen, baina elkarri oso ondo eutsi diogu, elkar babestu dugu, eta zortedun sentitzen naiz talde honetako kide izateaz. Denei eskerrik asko. Zorionak Maialeni, baita Ametsi eta besteei ere, ez delako erraza hemen egotea. Aipatu nuen ez nuela erregularra izan nahi, eta hori lortu dut, nire inertzia puskatzea. Postu bat egin dut gora, baina hori baino gehiago aldatu da nire bertsogintza. Txapelketa honetan asko ikasi dut».

Aitor Mendiluze

«Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiet hor egon diren guztiei eta horien atzean egon diren guztiei. Badakigu zenbat lan dakarren horrelako txapelketa batek. Nire kasuan, inoiz baino gehiago fisikoa eta emozionala oso gertu joan dira, eta oso sentsazio ona izan dut saio guztietan; hobeto edo okerrago egon naiz. Ez da gehien inporta zaidana, egia esan; gozatu dut, eroso sentitu naiz. Taldekideekin eroso sentitu naiz, eta nahi nuke haien erosotasunen parte txiki bat izatea. Eta alde horretatik bazen nire nahi bat txapelketa honetan hori islatzea.

Beharbada, inoiz baino gehiago jabetu naiz egoeraz, momentuaz, neure buruaz, eta kokapen horretatik hustu egin naiz, emozionalki ere bai, baina era berean kargatu ere bai, sentsazioz, momentuz, besteen ekarpenez, gauza askotaz. Asko irabazi dut pertsonalki. Nik sentitzen dudana da etorri naizen baino hobeto noala. Eta hori asko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.