Krisia Osakidetzan

Donostialdeko ESIaren krisia «normalizatzeko bidean» dela ziurtatu du Sagarduik

Eusko Legebiltzarrean esan du Osakidetzako eta Donostia ospitaleko zuzendaritza gaur egiten ari den batzarra elkarrizketarako «abiapuntua» dela. Kargugabetzeen arrazoiez argibiderik ez ematea egotzi dio oposizioak.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 19a
11:39
Entzun

Aurrez idatzitako gidoitik atera gabe mintzatu da, beste behin, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga Donostialdeko ESIko zuzendaritzako kideak kargugabetzeak eragindako krisiari buruz azalpenak emateko agerraldia egin du Sagarduik Eusko Legebiltzarrean, baina oposizioko taldeek egindako galdera zehatzei izkin egin die, eta ez du argitu zer dagoen erabaki horren atzean.

Ikusi gehiago:Osakidetzako sindikatuek protestak hasiko dituzte osasun sistema publikoa babesteko

Horixe bera leporatu diote taldeek, etsita. Kargugabetzeen erroan egon diren arrazoiak azaltzeko exijitu diote Osasun Sailari, baina Sagarduik ez du halakorik egin. Orain arteko agerraldietan egin izan duen bezala, Sagarduik azpimarratu du Osakidetzak erronka handiak dituela osasun mailan, eta «ikuspegi partekatua» behar dela horiei aurre egiteko, «sarean» lan eginez. Kargugabetutako zerbitzuburuek, ordea, ez zuten bat egiten proiektu komun horrekin, haren iritziz. Haren esanetan, zerbitzuburuek egindako aldarrikapenek ez dute zerikusirik ESIren arazoekin, bestelako arrazoiekin baizik: tartean, lan eskaintza publikoa eta kontratazioa.

Nolanahi ere, krisia bideratu egingo dela uste du sailburuak, eta gaur Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia eta Donostialdeko ESIaren zerbitzuburuak egiten ari diren bilera bide horretan doala esan du. «Harremanak normalizatzeko bidean doaz elkarrizketak. Gaur bide berri bati hasiera emango zaio». Azpimarratu du gaurko bilera ez dela azkena izango, eta «elkarrizketari bidea egiten utzi behar» zaiola.

Sagarduiren azalpenak ez ditu asebete oposizioko taldeak, eta kargugabetzeen inguruko argibiderik ez ematea aurpegiratu diote. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarrarekin «mespretxuz» aritzea leporatu dio, eta «gezurrak» esatea krisiaz. «Orain arte ez duzue egia esan». Donostialdeko ESIaren krisia Osakidetzak dituen gatazken beste «katebegi» bat dela salatu du, eta konponbidea bilatzea premiazkoa dela.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea kexu agertu da Sagarduik ez duelako azaldu zeintzuk izan diren bi zerbitzuburuen kargugabetzearen atzean egon diren «arrazoi zehatzak». Haren ustez, arrazoi nagusia zera da: Donostia ospitalea esparru batzuetan «erreferentzialtasuna» galtzen ari dela.

PP+C’s-ren izenean, Laura Garridok esan du Donostialdeko ESIan sortutako krisia «aurrekaririk gabekoa» dela, eta «etsigarritzat» jo ditu Sagarduiren azalpenak. Garridoren iritziz, Donostia ospitaleko krisiaren atzean ez daude antolaketa aldaketa soilak, baizik eta «erroan Osakidetzaren lidergo eta kudeaketa eredua dago», eta autokritika egiteko eskatu dio Sagarduiri. «Noraezean doan itsasontzia da Osakidetza, eta Sagarduik ez ditu lemazain lanak betetzen», kritikatu du.

Urkullu, autokritikarako prest
Donostialdeko ESIan piztutako polemikari buruz galdetu diote gaur Iñigo Urkullu lehendakariari, Euskadi Irratian, eta aitortu du «komunikazio arazoa» egon dela barne egituran, eta «autokritikarako prest» agertu da. Hala eta guztiz ere, «osasun arreta bermatuta» dagoela ziurtatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.