Krisia Osakidetzan

Osakidetzako sindikatuek protestak hasiko dituzte osasun sistema publikoa babesteko

Ostegunean Osakidetzako lantokien atarian biltzera deitu dute, eta iragarri dute Eguberrion ondoren protestak kalera eraman eta herritarrei ere egingo dietela deia.

Donostialdeko ESIko medikuen bilkura, abenduaren 7an, ospitalearen atarian. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko abenduaren 19a
12:26
Entzun

SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deialdi bateratu bat egin dute ostegunean Osakidetzako lantoki guztien atarian biltzeko. 11:00etan ospitaleen atarian biltzera deitu dute, eta 13:00etan, lehen arretako zentro guztietan. Haien hitzetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila osasun sistema desegiten eta lan baldintzak eskasten ari da, eta iragarri dute Eguberrien ondoren protestak kalera eraman eta herritarrak ere deituko dituztela parte hartzera.

Osasun sistema publikoaren aldeko protesta ziklo bat hasiko dute horrela, «babesteko». «Begi bistakoa da gure osasun publikoaren hondatzea, bai profesionalentzat, baita herritarrentzat ere. Eusko Jaurlaritzaren propagandak ezin du ezkutatu jada herritarrek lehen pertsonan jasaten duten egoera», nabarmendu dute.

Osakidetzaren «errealitate gordinaren aurrean», negoziatzeko eskatu nahi dute. Azaldu dute denbora asko daramatela salatzen Mahai Sektoriala foro huts bat bihurtu dela, informatzeko baliatzen dutela, eta ez dagoela benetako negoziaziorik. «Osakidetzak nahi duena eta Osakidetzak nahi duenean soilik tratatzen da», esan dute, eta «hobetu beharrean, okerrera egin gu egoerak, blokeora eramateraino».

Elkarrizketarik ez egoteaz gain, Osakidetzako zuzendaritzak «jarrera inposatzailea» duela gaineratu dute. «Osakidetza demokratizatzeko Mahai Sektorialaren blokea gainditu eta langileen ordezkariekin benetako negoziazio bat bultzatu behar da», adierazi dute.

Ikusi gehiago:Donostialdeko ESIaren krisia «normalizatzeko bidean» dela ziurtatu du Sagarduik

Sindikatuek azaldu dute aurten bi aldiz utzi dutela Mahai Sektoriala, eta egoera bideratzeko Osakidetzako Zuzendaritzari Lan Harremanen Kontseiluan biltzea eskatu diotela, baina bitan ere ez direla joan.

Azken aldiz, abenduaren 7an bildu ziren zen Osakidetzako zuzendaritzarekin, Gotzone Sagardui han zela. Adierazi dute ez zuela erakutsi negoziatzeko batere borondaterik eta asmoa erakutsi zuela «inposaketaren bidean» jarraitzeko. «Errealitatea da Osakidetza bere bide orriari jarraitzen ari dela, alde sozialeko aldarrikapenei jaramonik egin gabe eta existitzen ez den negoziazio baten itxurak egiteko erabiliz Mahai Sektoriala».

Sindikatuek iritzi diote beharrezkoa dela Osakidetzaren gobernantzaren inguruan hausnartzea. «Bertikaltasuna eta inposaketa Osakidetzaren zuzendaritzan hasten dira, baina osasun sistema osora hedatzen dira». Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarritako 100 profesionalen prozesu parte hartzaileaz, azaldu dute 37.000 langile dituela Osakidetzak eta iragarritako kopurua baino handiagoa behar dela kategoria, lurralde eta estamentu guztiak ordezkatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.