Bakea eta borroka askatzaileak

2022ko abenduaren 19a
12:12
Entzun

Azaroaren 25eko manifestazioei, bakeari eta indarkeriarik ezari buruzko artikulu eder eta mamitsua plazaratu du abenduaren 1eko BERRIAn Maite Leanizbarrutiak. Herri borroken —feminismoan zentratzen da—eta borroka horiek baketsuak izatearen arteko harremana planteatzen du artikuluan. Gaurkotasun handiko gaia da eta, horregatik, hausnarketa batzuk egin nahi ditut, gaia haren dimentsio osoan errazago ulertzeko.

Feminismoaren aldeko borrokak baketsua izan behar duela defenditzen du Leanizbarrutiak eta batzuetan manifestazio horietan jaurtitzen diren kontsigna batzuk emakume gehienek partekatzeko modukoak ez direla eta ez diotela inolako mesederik egiten mugimendu feministari iruditzen zaio. Guztiz bat nator Maiteren hausnarketarekin eta gehiago esango nuke:arazo hori beste mugimendu batzuetara zabal daitekeela eta Euskal Herrian izan diren eta oraindik diren beste borroka askatzaile batzuetan gertatzen dela uste dut. Adibide bat aipatuko dut: presoen sakabanaketaren kontrako manifestazioetan gertatzen dena, eta urtarrilean egiten den presoen eskubideen aldeko manifestazioa dugu horren adibidea: nik neuk utzi egin nion manifestazio horretara joateari, helburuekin guztiz ados nengoen eta nagoen arren ez zitzaidalako batere gustatzen han sortzen zen giroa: garai bateko kontsigna eta oihuak etengabe errepikatzea, estetika, betiko pankartak … eta, azken finean, betiko jendea ikustea. Jakina, presoek eta beren senideek asko sufritzen dute, bidegabekeria handiak egiten dizkiete, ez dizkiete funtsezko giza eskubideak errespetatzen… baina egoera horren kontra protesta egiteko bideak aldatzen ez baditugu, betikoak joango dira manifestazio horietara eta bakarrik ezker abertzalea arduratuko da presoen arazoaz. Hau da, gutxi gorabehera, praktikan gertatzen ari dena. Praktikan, diot, ezker abertzalekoak ez diren pertsona askok ere sentitzen baitute presoen sufrimendua, baina praktikan ez dute, ez dugu, bidegabekeria horiei aurre egiteko biderik aurkitzen. Beste mugimendu batzuetan (euskalgintza, ekologia, AHTaren kontrako borroka… ) antzeko egoerak gertatzen dira. Agian intsumisioaren aldeko borroka izango da salbuespena, manipulatzeko saioak nabariak izan ziren arren azkenean ETAren indarkeria defenditzen zutenei nagusitu baitzitzaizkien intsumiso baketsuak.

Indarkeriaren gaia ere planteatzen du Leanizbarrutiak artikuluan eta guztiz bat nator harekin, baina zehaztapen bat egingo nioke: ETAren borroka armatuaz eta borroka horrek eragindako biktimen sufrimenduaz hitz egiten du. Euskal Herriaren egoera berrian guztiz bidezkoa da sufrimendu hori, betiere, gogoan hartzea baina polizia-indarrek eragindako hilketa, tortura ikaragarriak eta giza eskubideen urraketa guztiak hartu behar ditugu ere kontuan, zauri sakona utzi baitute gure herrian eta inor gutxik egiten baitio zauri horri aurre.Bortizkeriaren gaiak eragindako zauria oraindik sendatu ez duen herri bat garela hartu behar dugu kontuan, edozein borroka askatzaile planteatzeko orduan, borroka horiek zabalak eta anitzak izatea benetan nahi badugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.