Hezkuntza

Ikastetxeetako gehiegizko eskaintza eragozteko neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak

Matrikulazio prozesuan segregazioaren aurkako neurriak txertatuta, administrazioaren esku hartzea handitzea eta «baremazio gehiago» egin behar izatea aurreikusi du Begoña Pedrosa sailburuordeak.

Begoña Pedrosa sailburuordea, erdian, gaurko agerraldian. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko abenduaren 19a
14:03
Entzun

Datorren ikasturterako matrikulazio prozesua nolakoa izango den zehazten ari da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, apurka. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak berretsi du neurri zuzentzaileak «beharrezkoak» direla eskola segregazioari aurre egiteko, eta horiei buruzko xehetasun gehiago eman ditu gaur, Bilbon egindako agerraldi batean. «Eskaintzaren plangintza orekatua» egiteko asmoa azaldu du: «eskaintza txikiegia eta eskaintza handiegia eragotzi» nahi dituzte, hau da, ikastetxeetako toki kopurua premien arabera ezarri. Azaroan aurkeztutako dekretuko neurri guztiak kontuan hartuta, matrikulazioa «kontrolatuagoa» eta «ordenatuagoa» izango dela uste du Pedrosak, baina administrazioak esku hartu beharko duela hainbat kasutan: «Baremazioak egin beharko dira portzentaje esanguratsu batean».

Ikasleak onartzeko eta eskolatzeko dekretu berria aurkeztu zuen Jaurlaritzak zuela hilabete eta erdi, eta horren irizpideak zehazten ari da orain, bi aginduren bidez: onarpen prozesu arruntari buruzkoa da bat, eta matrikula biziari buruzkoa bestea —ikasturtea hasita dagoenean kudeatzen diren matrikulazioak—, baina bietan izango dira irizpide berak. 2023-2024ko ikasturteari begira, hainbat aldaketa aurreikusten ditu dekretuak. Tokien erreserba da neurri nagusia: diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek ikasle zaurgarrientzat derrigorrez gorde beharko dute lekuen ehuneko bat, zaurgarritasun indizearen arabera. «Aniztasuna eta zaurgarritasuna banatzean datza; modu progesiboan egingo dugu», gogoratu du Pedrosak: 2 urteko ikasleen geletatik hasiko dira, eta mailaka gora egiten joango dira.

Ariketa hori gauzatzeko, gehiegizko eskaintza mugatzea ezinbestekotzat jo izan dute hainbat eragilek, eta horretarako neurriak hartuko ditu Hezkuntza Sailak. «Orain arte, ahal ziren toki guztiak eskaintzen ziren, bai sare publikoan, bai itunpekoan. Ez ziren denak betetzen, batez ere azken urteetan; beraz, ez zen ia baremaziorik egin behar», azaldu du Eugenio Jimenezek, Ikastetxe eta Plangintza zuzendariak. Hemendik aurrera, zona bakoitzeko beharren arabera planifikatuko dira ikasleentzako tokiak: «Eremu batean 300 matrikulazio eskaera badaude, 300 leku eskainiko dira».

Horrek beste aldaketa tekniko bat ekarriko du: eragin eremua ez da ikastetxe bakoitzarena izango, baizik eta geografikoa, udalerri osokoa, hiriburuetan izan ezik; eragin eremu bakoitzean gutxienez eskola publiko bat egongo da. Era berean, matrikulazio prozesua abiatzean, familiek nahi beste ikastetxe aukeratu ahal izango dituzte, baina baremazioak egitean, «hurbiltasuneko eskolatzea» lehenetsiko dute administrazioek, hau da, zentroa ikasleen etxetik gertu egotea. Matrikula bizian ere irizpide berak erabiliko dira; are, ikastetxeren batean lekurik geratzen bada bete gabe, zentroak ezingo du nahi bezala esleitu: ikasturte osoan gorde beharko du, matrikula bizia kudeatu ahal izateko.

Ikastetxea hautatzeko askatasuna

Hezkuntza Saileko ordezkarien ustez, sistema berri horrek ez du eskolarik jarriko arriskuan, baina berekin ekarriko du «baremazio gehiago» egin behar izatea, hau da, administrazioak esku hartu beharko du tokiak banatzeko prozesu gehiagotan. «Familiek beren gustuko egitasmoa edo zentroa aukeratzen jarraitu ahalko dute, baina adituek argi diote askatasun hori matrikula kontrolatuago batekin uztartu behar dela: kasu batzuetan, seme-alabak beste zentro batzuetara eraman beharko dituzte», adierazi du Pedrosak. Ildo horretan, nabarmendu du sendiak «sentsibilizatu» behar direla: «Herri estrategia bat da: hezkuntza sistema orekatuago eta ekitatiboagoa eraikitzeaz ari gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.