Alderdiak

Epaitegiak artxibatu egin du EAko zuzendaritzako kideen aurkako auzi penala

Eusko Alkartasunak kritikatu du alderdikideak «politikoki ezgaitzea» zela kritikoen helburua. Kritikoek, berriz, elkarrizketa bideak «haustea» leporatu diote zuzendaritzari.

Iker Ruiz de Egino, zutik, otsaileko kongresuaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko abenduaren 21a
15:50
Entzun

Eusko Alkartasunak jakinarazi duenez, Gasteizko Instrukzioko 3. Epaitegiak alderdiko zuzendaritzako zenbait kideren aurkako salaketa artxibatzea ebatzi du. Ildo kritikoko kideek Iker Ruiz de Egino, Mariano Alaba, Hugo Uruñuela eta Maider Karrere alderdikideen aurka egin zuten, dokumentuak faltsutzea egotzita. EAko zuzendaritzaren esanetan, salaketa «instrumental» bat zen, zuzendaritzako kideak «politikoki ezgaitzeko» eta alderdiaren «irudiari kalte egiteko» asmoz egina. Kritikoek, berriz, «errealitatea bihurritzea» leporatu diote EAko zuzendaritzari, eta haren interesen kontrako beste bi ebazpenen berri eman du.

Mikel Goenagak, Miren Aranoak eta Iratxe Lopez de Aberasturik aurkeztu zuten salaketa. Maiorga Ramirez Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkideak gidatutako EAren ildo kritikoko kideak dira hirurak. Gainera, hurrenez hurren, EAren Gipuzkoako, Nafarroako eta Arabako koordinatzaileak izan ziren. Egun, ordea, alderditik kanpo daude, Nazio Batzorde Eragileak afiliazioa lau urtez eten baitzien otsailean. Argudiatu zuten frogatuta geratu dela «Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela».

Salatzaileek, besteak beste, dokumentuak faltsutzea egozten zieten EAko zuzendaritzako kideei, idazkari nagusia hautatzeko 2019ko prozesuaren harira. Salatu zuten eurek ez zutela afiliatu erroldara sarbiderik izan, baina ildo ofizialeko kideek baietz; hala nola Karrerek, nahiz eta jada zuzendaritzan kargurik ez izan. 2020an jarri zuten Iker Ruiz de Egino EAren zuzendaritzako eledunaren eta Mariano Alaba Antolakuntza idazkari ohiaren aurkako salaketa penala, eta, gerora, Hugo Uruñuela Alkartasuna fundazioko zuzendariaren eta Maider Karrere Antolakuntza idazkari ohiaren aurka ere egin zuten.

EAren Zuzendaritza Nazionala pozik agertu da erabakiarekin, eta gehitu du kasua artxibatzea zela «faltsukerietan oinarritutako eta funtsik gabeko salaketa batean harira» har zitekeen erabaki bakarra. Hala, kritikoei exijitu diete epaitegien bidea uzteko: «Jazarpenari eta gerra judizialari amaiera emateko eta alderdiaren emaitzak eta arauak onartzeko garaia da». Horren ordez, eskatu diete «beren interesak» alderdiko partaidetza organoetan defenda ditzatela: «Biltzar Nazionalean edo Batzar Nazionalean defenda dezatela, eta emaitzak onartu ditzatela».

Kritikoek ere erantzun dute. «Hasitako elkarrizketa bideak haustea du xede ekintza komunikatibo honek», salatu dute ohar bidez. Izan ere, azaldu dute bide hori jorratzeko asmoz ez zutela adierazpenik egin beste ebazpen baten inguruan: aurreko astean, Arabako Probintzia Auzitegiak atzera bota zuen otsaileko kongresua baliogabetzat jo izanaren aurka jarritako helegitea. Horrez gain, gogoratu dute Bilboko Instrukzioko 7. Epaitegiak iaz ez zuela tramiterako onartu Ruiz de Eginok EAko Berme Batzordeko bi kideren aurka jarritako salaketa; dokumentuak faltsutzea egozten zien. Hala, kritikoek Eba Blanco idazkari nagusiari aurpegiratu diote epaitegietan bi urte egin dituen auzi batean indar egin izana, noiz-eta afiliatuen gehiengoa «irtenbide demokratiko» baten alde dagoenean.

Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiaren harira, EAko zuzendaritzak erantzun du auto horrek ez duela «ondorio juridikorik»: «Gaiaren funtsari buruzko epaiketaren saioa azaroan egin zen, eta epaia emateko prest geratu zen auzia; beraz, hura noiz argitaratuko zain gaude».

Bost urte

Sektore ofizialaren eta kritikoen arteko gatazkek alderdiaren 2017ko ohiko kongresua dute abiapuntu. Idazkari nagusia aukeratzeko bozketan, Pello Urizar nagusitu zitzaion Ramirez alderdikideari, hamalau botoren aldearekin. Baina, aste batzuk geroago, kritikoek Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaile karguak eskuratu zituzten —ildo ofizialaren esku geratu ziren Ipar Euskal Herria eta Bizkaia—. Harrezkero, desadostasunak izan dira nagusi alderdian: politikoki, besteak beste, EAk EH Bilduren barruan izan behar duen rola dago eztabaidagai.

Bi urte geroago, Urizarrek dimisioa eman ondoren, EAk primarioak egin zituen. Ordu hartan, baina, Hauteskunde Antolaketako Batzordeak baliogabetu egin zuen Ramirezen hautagaitza, ebatzita Ipar Euskal Herrian ez zituela lortu nahikoa babes. Erabaki hark Blancoren garaipena ekarri zuen, baina baita prozesu judizial baten hasiera ere. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago primarioen auzia, alderdiak Gasteizko epaitegiari jarritako helegitea tramiterako onartu ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.