Eusko Alkartasuna. XIII. Nazio Biltzarra

Bildu izanak banatuta

Eusko Alkartasuna egoera zailean iritsiko da alderdiaren XIII. Nazio Biltzarreko kongresura. Konpromisarioek zirt edo zart egin beharko dute zuzendaritzaren txosten zirriborroaren eta ildo kritikoaren osoko zuzenketaren artean.

Leire Pinedo eta Iker Ruiz de Egino, nazio biltzarraren aurkezpenean, iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunak asteburuan egingo du XIII. Nazio Biltzarrari amaiera emateko kongresua. Alderdiak «zaintza erdigunera ekartzearen» garrantzia nabarmendu nahi izan du Alkar zainduz izenburuarekin, baina begiradak zuzendaritzaren eta ildo kritikoaren arteko eztabaidan jarrita daude. Boto eskubidea duten 249 konpromisarioek lehenaren txosten politikorako zirriborroaren eta bigarrenaren osoko zuzenketaren artean hautatu beharko dute. Bien arteko aldea azken bost urteetako barne gatazka markatu duen bera da, baina galdegaia ezberdina da batzuentzat eta besteentzat. Zuzendaritzaren esanetan, EH Bildun jarraitzea dago jokoan; kritikoen arabera, alderdi burujabe bat izaten segitzea.

Parte hartze politikorako modu berriak eta antolaketa eredu berria. Euskal Herria Bildu eta Euskal Herria Bai. Izenburu hori du txosten politikoaren seigarren puntuak, eta, alderdiko idazkari nagusi Eba Blancoren esanetan, hor jasotzen dena egongo da jokoan asteburuan: «Batetik, kontseilu nagusiak aurkeztutako zirriborroa, denon artean egindakoa, eta zuzenketak barne hartzen dituena; bestetik, sektore kritikoak aurkeztutako osoko zuzenketa».

«Kontseilu nagusiak aurkeztutako txostenak esaten du EA indartsu bat nahi duela EH Bildu barruan», azaldu du Blancok, eta adierazi du koalizio subiranista dela «EAren helburu fundazionalak lortzeko, defendatzeko eta gauzatzeko» tresnarik onena: «EH Bildu da alternatiba erreal bakarra Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baita Nafarroan ere».

Zirriborroan, EH Bilduren izaera federala islatzen da, eta alderdiak bat egiten du koalizioak iaz onartutako txosten organizatibo estatutarioarekin: «Eusko Alkartasunak indartu egiten du EH Bildurekin duen konpromiso estrategikoa, betiere gure oinarri ideologikoekiko koherentziari eutsiz eta gure nortasuna errespetatuz, eta biltzarreko dokumentu honetan konpromiso hori indartuko duela adierazten du». Hala, Blancok adierazi du EA EH Bilduko parte garrantzitsu bat dela, eta beren helburua koalizio barruan «EA indartsu bat» izatea dela: «Hori ulertzen ez duenak ez du ulertzen zer den EH Bildu».

EAren Arabako koordinatzaile eta ildo kritikoko kide Iratxe Lopez de Aberasturiren esanetan, ordea, alderdiko zuzendaritzak hartutako bidea dela medio, EA de facto EH Bildu barruan «urtzen» ari da: «Ez da arrisku bat; errealitate bat da». Horren aurrean, osoko zuzenketan «alderdi burujabe» baten alde egingo duen funtzionamendu aldaketa bat proposatu dute, EAren «oinarri eta ibilbide abertzale eta sozialdemokrata» kontuan hartuko duena.

Funtzionamendu aldaketa horrek EH Bildu osatzen duten alderdien arteko lotura organiko iraunkorrak «aztertzea» eta «etetea» eskatzen du. Izan ere, kritikoek uste dute azken urteetako urratsek eta «alderdiaren ibilbidearekin bat egiten ez duten ekintzek» arriskuan jarri dutela EAren «ibilbide historiko hutsik gabea». Ezker abertzalea aipatzen dute zehazki, EH Bildu «Sortuk kontrolatutako alderdi bat» dela iritzita: «[EH Bilduk] Erakunde politiko bateratu bateranzko integrazio erreal baterantz egin du, (indar espainiarrek erraz karikaturizatu dituzten) ezker abertzale historikoaren eta 'ETAren eta HBren oinordeko politikoaren' ezaugarriekin». Horrek, kritikoen aburuz, «irrelebantzia politiko eta sozialera» eraman dezake EA, besteak beste, alderdia «maila instituzional eta organizatibo guztietan baztertuta» dagoelakoan. «Uste dugu ez duela onurarik ekartzen, ez EH Bildurentzat, ez Euskal Herriarentzat», adierazi du Lopez de Aberasturik.

Koalizioari bai

Kritikoek azaldu dute beren asmoa ez dela EH Bildu uztea, hura «koalizio elektoral zehatzetara» bideratzea baizik. Argudiatu dute hura zela EH Bilduren hasierako ideia, eta hura dela «alderdiaren independentzia, irudia eta ondare historikoa mantentzeko» modua; EAren kasuan, «pazifismoa eta giza eskubideen errespetua». «Koalizioaren aldeko apustu izugarria egin genuen. Gure legezkotasuna ere ezbaian egon zen», azaldu du Lopez de Aberasturik, eta adierazi aldaketa «EH Bilduren onurarako» ere izango litzatekeela. Hala, «zentro ezkerretik ezker erradikal eta dogmatikora» zabalduko litzatekeen koalizio bat defendatu dute osoko zuzenketan, «Euskal Herriaren eskubide nazionalen aldarrikapenei eta gizartearen arazoei erantzun progresista bat» ematera bideratua. Horretarako, uste dute hauteskunde bakoitzeko programa bat prestatu, parte hartze kuotak eta zerrendak ezarri, eta baliabide ekonomikoak eta bozeramailetza banatu beharko liratekeela.

Hala, EH Bildu osatzen duten alderdiek beren «nortasuna» berreskuratuko luketela uste du Lopez de Aberasturik, eta horrek koalizioa «aberastuko» lukeela. EAren kasuan, dagokion espazio politikoa indartu nahi dutela nabarmendu du: «Esaten da gizartearen zati handiena zentro ezkerrean kokatzen dela, eta hor asko eman dezakegu».

Blancoren iritziz, ordea, kritikoek prentsaren aurrean adierazitakoa «kea» da: «Osoko zuzenketan EH Bildutik kanpo geratzea planteatzen da. Hori da praktikan eskatzen dutena». Alderdiko idazkari nagusiaren esanetan, «herri ikuspegi batetik», hori «hanka sartze» bat da, azken 11 urteetako lana «arriskuan» jar dezakeelako: «Ez du bat egiten orain arte egindakoarekin eta EH Bilduren ibilbidearekin».

Era berean, EH Bilduren antolaketa eredua koalizioaren egituretan erabaki beharrekoa dela nabarmendu du: «Inork ezin du pentsatu EH Bilduren barne-antolaketa eredua EAren, Sorturen edo Alternatibaren kongresu batean erabaki daitekeenik. Guk gurea erabakiko dugu, baina EH Bilduren antolaketa eredua ezarrita dago, eta badakigu nola parte hartu dezakegun hartan».

Bost urte

Bi aldeen arteko gatazka ez da berria. 2017ko ohiko kongresuan bi ildo agertu ziren, eta idazkari nagusia aukeratzeko bozketan Pello Urizar nagusitu zitzaion Maiorga Ramirez alderdikideari, hamalau botoko aldearekin. Baina, aste batzuk geroago, kritikoek Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaile karguak eskuratu zituzten ?ildo ofizialaren esku geratu ziren Ipar Euskal Herria eta Bizkaia?. Urte hartan, bi aldeek konpromisarioen %80ren babesa izan zuen txosten politiko bat adostu zuten, kritikoen esanetan, «sistematikoki hautsi» dena.

Bi urte geroago, Urizarren dimisioarekin, EAk primarioak egin zituen. Kasu hartan, baina, Hauteskunde Antolaketa Batzordeak baliogabetu egin zuen Ramirezen hautagaitza, Ipar Euskal Herrian nahikoa abal lortu ez zituela ebatzita. Erabaki hark Blancoren garaipena ekarri zuen, baina baita prozesu judizial baten hasiera ere. «Gauzak asko nahastu eta zikindu dira 2019tik», gogorarazi du idazkari nagusiak: «Behin eta berriz gaude hedabideetan, eta ez da proposamenak azaltzeko».

Ildo kritikoak auzitara jo zuen, Ramirezen eskubide politikoak urratu zirelakoan, eta Arabako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zien uztailean, 2019ko primarioak errepikatzeko beharra adierazita. EAko zuzendaritzak, ordea, helegite bat jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, eta kasua argitzeko dago oraindik.

Bien bitartean, Blancok behin-behinean hartu zuen idazkaritza nagusia, eta alderdiak ildo kritikoko hainbat kideren aurkako barne auzi bat ireki zuen. Hilaren 9an iritsi zen ebazpena: EAko Nazio Batzorde Eragileak erabaki zuen Ramirez, Lopez de Aberasturi, Gipuzkoako koordinatzaile Mikel Goenaga, Nafarroako koordinatzaile Miren Aranoa eta Iruñeko koordinatzaile Esther Korresen kidegoa lau urtez etetea. Organo haren arabera, «frogatuta geratu da Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela».

«Afiliazioa etetea ez da zuzendaritza batek gustura egiten duen gauza bat. Oso desatsegina izan da, baina baditugu araudiak, eta bete egin behar ditugu», arrazoitu du Blancok. Lopez de Aberasturiren esanetan, baina, benetako argudioak beste batzuk dira: «Oso deigarria da kaleratuak izango garela publikoki salatzeagatik epaitegiek eskubideen urraketatzat jo dutena». Hala, «erabaki politikotzat» jo ditu kanporaketak, eta adierazi ez dietela informaziorik eman ustez eginiko arau hausteen inguruan.

Ildo kritikoko kideen kanporaketa astelehenean gauzatuko da—30 egun izango dituzte helegitea aurkezteko—. Beraz, asteburuko kongresuan parte hartzeko aukera izango dute. Halere, Lopez de Aberasturik uste du kongresuaren prestaketa bera «irregulartasunez beteta» egin dela, «gardentasun eta parte hartze falta izugarriarekin».

Azken eztabaida atzo piztu zen. Ildo kritikoak salatu zuen alderdiak Ipar Euskal Herriko konpromisario kopurua puztu duela. Zuzendaritzak, baina, berehala erantzun zien esanei, antolaketa araudiak lurralde bakoitzari ezarritako gutxiengo kopurua dela adierazita: 20 lagun. «Iruditzen zait errelato bat eraikitzen ari direla», kritikatu du Blancok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.