Arrantza

Azken urteetako antxoa kuotarik handiena izango dute euskal arrantzaleek

Berdelaren kuota ez errespetatzeagatik jarritako zigorra asko gutxituko da 2023an, eta horrek %17 gehiago arrantzatu ahal izatea ekar dezake

Antxoa kutxetan, Getarian. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 21a
17:54
Entzun

Itsasoaren egoerak, tenperaturak, itsaslasterrek eta arrantza baldintza dezaketen faktore guztiek laguntzen badute, urte ona izango dute antxoatara joaten diren Euskal Herriko arrantzaleek. Azken erabakia Bruselatik iritsiko den arren, Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak aurreratu du aurten baino %17 gehiago arrantzatu ahal izango dutela.

ICES Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluak 33.000 tonako harrapaketak aholkatu ditu Bizkaiko Golkoan eta Kantauri itsasoan, uste baitu azterketa zientifikoek erakutsi dutela nahiko antxoa badagoela.

Azken urteetako kuota bera da, baina 2023. urtearen berritasuna da ia desagertu egingo dela berdela gehiegi arrantzatzeagatik Europako Batzordeak 2013an Espainiako Erresumari jarritako isuna. 2016-2022 epean urtero ia 3.700 tona txikitu zuen antxoaren kuota isun horrek, baina 2023an, 180 tona baizik ez dira izango. 2024tik aurrera, ez da zigorrik.

Akordioa Madrilen eta Parisen artean

33.000 tonako kuota banatzeko akordioa egin dute azken urteetan Madrilgo eta Parisko gobernuek: %90 Espainiako bandera dutenentzat —tartean, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak—, eta gainontzeko %10a Frantziako banderakoentzat —tartean, Lapurdikoak—.

2023an ere banaketa hori berretsiz gero, 29.700 tona dagozkie Espainiari, aurten baino %17 gehiago (25.258 tona). Kuotaren zatirik handiena udaberrian arrantzatu ohi dute, eta gainontzekoa udazkenerako uzten dute, hegaluzearekin amaitzen dutenerako. Kostera nagusia ekainaren erdialderako amaitu zuten gipuzkoarrek eta bizkaitarrek, kuota agortu baitzuten.

Horren zati nahiko txikia deskargatu zuten bertako lonjetan, antxoa gehien Kantabriako, Asturiasko eta Galiziako uretan agertu zelako, eta hara joan behar izan zutelako arrantzatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.