AEB

Trump matxinadagatik auzipetzeko eskatu du AEBetako Kongresuko batzordeak

Urtarrilaren 6ko gertaerak aztertu dituen batzordeak ikerketari buruzko azken txostena argitaratu du bart. «Mekanismo bat» onar dezala eskatu dio Kongresuari, presidente ohia ardura publikoetan aritzea eragozteko.

Donald Trump AEBetako presidente ohiaren irudia pantaila batean, urtarrilaren 6ko gertaerak ikertzeko Kongresuko batzordean. AL DRAGO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 23a
17:12
Entzun

Donald Trumpek AEBetako hauteskunde emaitzen kontra konspiratu zuen, eta presidente ohia bera izan zen 2021eko urtarrilaren 6an Kongresuan izaniko liskarren sustatzaile nagusia. Hala ondorioztatu du gertaera horiek ikertu dituen Ordezkarien Ganberako batzordeak. Hemezortzi hilabeteko ikerketaren ostean, azken txostena argitaratu du bart batzorde horrek, eta, zerrendatu dituen gomendioen artean, eskaera bat egin dio Justizia Departamentuari: Trump auzipetu dezala, besteak beste, matxinada bat sustatzeagatik.

Bide penaletik harago, batzordeak Trumpen inhabilitazioa eskatu dio Kongresuari. Zehazki, «mekanismo bat» onartzera deitu du, presidente ohia eta hark «konspirazioan» laguntzaile izan dituenak ardura publikoetatik kanpo uzteko.

Lehen aldia da AEBetako Ordezkarien Ganberak presidente bat bide penaletik auzipetzeko eskatzen duena. Batzordearen gomendioak ez dira bete beharrekoak, eta Justizia Departamenduak erabaki beharko du urrats hori egin ala ez —bere ikerketa propioa egiten ari da—. Hala ere, erabakiak badu pisu sinboliko eta politikoa, eta oztopo bat gehiago izango da Trumpentzat, presidentetzarako 2024ko bozetara aurkezteko egiten ari den kanpainan.

Dokumentuak kontakizun zabal eta zehatz batean azaldu du presidentetzarako 2020ko bozen emaitzak baliogabetzeko Trumpek egin zuen ahalegina. «Urtarrilaren 6ko kausa nagusia gizon bat izan zen: Donald Trump presidente ohia. Bestek askok jarraitu zioten hark esandakoari», diote txostenean. «Urtarrilaren 6ko gertaerak ez ziren posible izango hura gabe».

Idatziaren arabera, Trump jakitun zegoen hauteskundeak galdu zituela, baina presioa egin zien estatuko funtzionario batzuei eta Mike Pence orduko presidenteordeari, Bidenen hautaketa baliogabetu zezaten. Gero, «jendetza biolento» bihurtu zen «manifestazio erraldoi batera» deitu izanaren «arduradun zuzena» izan zen, eta hainbatetan egin zion uko Kapitolioan istiluak eragin zituztenen ekintzak gaitzesteari, haren laguntzaileek eskatu arren. AEBetako Parlamentuaren aurrean bildu zirenen artean eskuin muturreko taldeetako kideak zeuden, armatuta.

Ekintza horiekin «demokrazia larriki mehatxatzea» egotzi dio batzordeak Trumpi, eta «legegileen bizia arriskuan jartzea». Hori dela eta, batzordeak Justizia Departamentuari galdegin dio presidente ohia lau deliturengatik auzipetzea: matxinadara deitzeagatik, Kongresuaren lana oztopatzeagatik, AEBei iruzur egiten saiatzeagatik eta lekukotza faltsuak aurkezten ahalegintzeagatik.

Mardula da txostena. Zortziehun orrialdetik gora ditu, eta horietatik 600 inguru dira 1.200 elkarrizketaren bidez jaso dituzten lekukotzenak. Cassidy Hutchinsonena izan zen oihartzun mediatiko handiena izan dutenetako bat. Etxe Zuriko kabineteburu Mark Meadowsen laguntzaile izandakoak batzordearen aurrean adierazi zuen Trumpek bazekiela urtarrilaren 6ko manifestarietako batzuk armatuta zeudela.

Presidente ohiak eta haren laguntzaileek egozten zaizkien delituengatik ordaintzea «erabakigarria» da, batzordearen esanetan. Arrazoitu dute aurrekari bat ezarriko dela hala egin ezean, eta «hurrengo hauteskundeetarako mehatxu bat» izango dela hori.

Batzordea urtarrilaren 3an desegingo da, errepublikanoek Ordezkariaren Ganberaren gaineko kontrola hartzearekin batera.

Errepublikanoen txostena

Ordezkarien Ganberako batzordeak azken txostenaren laburpen bat aurreratu zuen joan den astelehenean, eta, hari erantzunez, Alderdi Errepublikanoak bere dokumentu propioa argitaratu zuen asteazkenean. Azken horrek, iazko urtarrilaren 6an Kapitolioan izan ziren «segurtasun akatsak» nabarmendu ditu.

NBC telebista kateak ere ildo berari heldu dio, asteazkenean bertan argitaratu dituen informazioekin. Horien arabera, FBI Ikerketa Bulego Federaleko agente batek txosten batean ohartarazi zuen Trumpek urtarrilaren 6rako deitu zuen manifestazioa «armetarako dei gisa» interpretatu zutela eskuin muturreko talde batzuek. Kapitolioko gertaerak baino aste batzuk lehenago egin zuen oharra agenteak, NBCren arabera. Telebistak gaineratu du FBIk inteligentzia zerbitzuen abisuak ere bazituela, urtarrilaren 6koa aintzat hartzeko mehatxu bat zela esanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.