Errusia eta Txina

Putinek gonbita egin dio Xiri datorren udaberrian Mosku bisitatzeko

Errusiako eta Txinako presidenteek bilera telematiko bat egin dute gaur. Putinen esanetan, bi herrialdeen arteko harremana «superpotentzien arteko elkarlanaren eredu» da.

Vladimir Putin Errusiako presidentean, gaur, Kremlinen, Xi Jinping Txinako presidentearekin bideokonferentzian. MIKHAEL KLIMENTYEV, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 30a
11:39
Entzun

«Ez dut inolako zalantzarik zuk eta biok aurrez aurre biltzeko aukera aurkituko dugula», adierazi dio Vladimir Putin Errusiako Presidenteak Xi Jinping Txinako estatuburuari gaur, elkarrekin egin duten bideokonferentzian, Tass Errusiako albiste agentziak jaso duenez. «Presidente estimatua, nire lagun estimatua, datorren udaberrian zu Moskun ikustea espero dugu», esan dio. Xik ez du baieztatu datorren udaberrian Moskura joango denik.

Bi agintarien arteko aurrez aurreko bilkura bat lortuz gero, espero izatekoa da Putinek hura baliatu nahi izatea munduaren aurrean Txinaren babesa duela irudikatzeko, eta ildo horretan mintzatu da Xirekin izan duen elkarrizketan. «Munduari frogatuko lioke Errusiaren eta Txinaren arteko harremana zenbateraino den indartsua funtsezko auzietan, eta urteko gertaera politiko nagusia izango litzateke bitariko harremanei dagokienez».

Putinen iritziz, bi herrialdeen arteko loturak «froga guztiak gainditu ditu», eta gaineratu du Moskuk eta Pekinek elkarlana areagotuko dutela arlo militarrean. Bi estatuen arteko harremana «superpotentzien arteko elkarlanaren eredu» da, Errusiako presidentearen esanetan.

CCTV Txinako telebistak argitaratu duenez, Xik ere bi herrialdeen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du, Txinako eta Errusiako herritarren onerako, eta «munduaren egonkortasunaren intereserako». Nazioarteko aferetan sakondu nahi du elkarlan hori.

Bestalde, Xik Putini ohartarazi dio Ukrainako gerrari amaiera emateko bake elkarrizketak ez direla errazak izango, eta Pekinek orain arte agertu duen «objektibotasunari eta bidezko posizioari» eutsiko diola. Txinako presidenteak esker ona adierazi dio Putini, Errusiak ez diolako «inoiz ere» uko egin «gatazka negoziazio diplomatikoen bidez konpontzeari».

Putin eta Xi aurrez aurre bildu ziren azkenengoz joan den irailaren 15ean, SCO Shanghaiko Lankidetza Erakundeak Uzbekistanen egin zuen goi bileran. Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik —otsailaren 24tik— egin zuten lehen bilera izan zen. Orduan, Putinek ez zuen lortu Txinaren babesa, eta Errusiako agintariak adierazi zuen ulertzen zuela Xik «zalantzak izatea eta arduratuta egotea» Ukrainako gerraren harira. Halere, Txinako mandataria goratu zuen, gatazkari buruz jarrera «orekatua» edukitzeagatik. Xi prest agertu zen Errusiarekin elkarlanean jarraitzeko.

Txinak Ukrainaren inbasioa gaitzetsi du hainbatetan, herrialdeen subiranotasunaren eta lurralde osotasunaren aldeko jarrera erakutsita. Baina AEBak eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen jokabidea ere salatu ditu, «Gerra Hotzaren mentalitatea» ez alboratzeagatik, eta Errusiarekiko tentsioa muturrera eramateagatik.

Atzerri ministro berria

Xik Atzerri ministro berria izendatu du gaur: Qin Gang egun Txinaren enbaxadore arduretan ari dena AEBetan. Qinek Wang Yi ordezkatuko du karguan, eta azken hori Alderdi Komunistaren diplomaziaburu izendatzea espero da.

Iazko uztailean iritsi zen Qin Washingtonera, enbaxadore zereginetara. Ardura horretan izan den denboran, Txinaren eta AEBen arteko harremana gorabeheratsua izan da, eta kritika gordinek eta gerturatze ahaleginek ezaugarritu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.