Brasil

Jair Bolsonarok alde egin du Brasildik, Lulak kargua hartu baino bi egun lehenago

Bere jarraitzaileak gobernu berriaren aurka egitera deitu ostean, hegazkin bat hartu zuen AEBetara joateko.

Bolsonaroren jarraitzaileak, atzo, haren mezua entzuteko zain. ANDRE BORGES, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko abenduaren 31
10:54
Entzun

Jair Bolsonaro Brasilgo jarduneko presidenteak Brasildik alde egin du ezustean hegazkin batean. Lula da Silvak bihar hartuko du presidentetzaren lekukoa, eta Bolsonarok alde egin du immunitatea galdu aurretik; albiste agentzien arabera, AEBetara joan da, Floridara. Ostiralean, bere jarraitzaileei zuzendu zitzaien minutu batzuk lehenago, eta gobernu berriari kontra egiteko eskatu zuen, baina ez zuen bere asmoen berri eman.

Bolsonaro sare sozialetan emandako zuzeneko batean mintzatu zen atzo, joan aurretik, eta ez zituen akuilatu ez militarrak, ez Brasilgo hiriburuan armadaren kuartelaren aurrean bilduta dauden bere jarraitzaileak. Azken horietaz, adierazi zuen «bakezaleak» direla, eta eskatu zien amore ez emateko, jarraitzeko «oposizioa» egiten «konstituzioaren barruan». Hau da, ez zituen deitu estatu kolpe bat ematera, baina ez zien eskatu etxera joateko.

Albiste agentzien arabera, Hamilton Mourao presidenteordeak hartu du behin-behinean Bolsonadoren lekukoa. 1985ean Brasilen demokrazia berriro ezarri zenetik ohikoa izaten da aurreko presidenteak ekitaldi batean ematea lekukoa presidente berriari, baina ohitura horrekin hautsi du Bolsonarok. Ez berak ezta jarduneko gobernuak ere ez dute informaziorik eman bidaiaz, baina, inguruoen arabera, «hiru hilabete egongo da gutxienez Brasildik kanpo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.