Kontsumoa

Indarrean da fruta eta barazkiak ontziratzeko debekua

Ezin dira plastikoarekin bildu 1,5 kilo baino gutxiagoko kantitateak. Saltokiek paperezko poltsak edo edukiontzi berrerabilgarriak eskaini behar dituzte.

Ontziratutako frutak, Euskal Herriko denda batean. BERRIA
jokin sagarzazu
2023ko urtarrilaren 2a
16:25
Entzun

Elikagai jakin batzuen BEZaren murrizketarekin batera, Hego Euskal Herriko saltokietan beste berrikuntza bat sartu da indarrean. Atzotik, debekatuta dago fruta eta barazkiak plastikozko ontzietan saltzea baldin eta kantitatea 1,5 kilo baino gutxiagokoa bada. Horrekin batera, 400 metro koadrotik gorako txikizkako saltokietan, ontziratu gabeko produktuek %20 okupatu beharko dute gutxienez.

Saltokietan fruta eta barazkientzako ontzien alternatibak erabiltzen ari dira jada. Denda batzuetan, paperezko poltsak edo kotoizko poltsa berrerabilgarri eta biodegradagarriak eskaintzen hasi dira. Beste toki batzuetan, kartoizko kaxetan saltzen hasi dira zenbait fruta, hala nola laranjak eta sagarrak. Erosleek beren ontzi berrerabilgarriak eraman ahalko dituzte fruta eta barazki kopuru txikiak erosteko. Baita, besteak beste, azal oso fina duten eta arin deshidratatzen diren produktuentzat, zurituta eta zatitua saltzen den frutarentzat eta garbitu beharrik gabe jateko prestatuak dauden entsaladentzat ere.

Enbalajea erabiltzen denean –1,5 kilo baino gehiagoko ontzietan–, berriz, etiketetan behar bezala identifikatu behar da zer motatakoa den, eta zein zaborrontzitan bota behar den.

Ipar Euskal Herrian, antzeko neurri bat dago indarrean iaztik. Debekatuta dago 30 fruta eta barazki mota plastikoz biltzea, ontzi handietan (1,5 kilo baino gehiago) eta fruta heldu edo prozesatuentzat izan ezik.

Gaiari buruzko informazio gehiago, erreportaje honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.