Nazien altxor baten mapa ezagutarazi du Herbehereetako Artxibategiak

1944. urtean ezkutatu zuten altxorra, eta gaur egun milioika euro balio duten harribitxi, urre eta diamante batzuek osatzen dute.

Nazien altxorraren mapa. HERBEHEREETAKO ARTXIBATEGIA
jon ordonez garmendia
2023ko urtarrilaren 3a
16:13
Entzun

Indiana Jonesen hurrengo filmaren hasiera izan liteke, eta Jones doktorea izatearekin amestu duen ororen abenturarako harra piztuko du ziurrenik: Herbehereetako Artxibategiak milaka dokumentu egin ditu publiko gaur; horien artean, naziek 1944an ezkutatu zuten altxor baten mapa ezagutarazi dute. Kapela eta zartailua hartzeko motiboa badago: harribitxiz, urrez eta diamantez osatuta dago altxorra, eta milioika euro balio du gaur egun.

Sarbide Irekiaren Eguna dute gaur Herbehereetan, eta hori ospatzeko ezagutarazi du Artxibategi Nazionalak mapa. Naziek 1944ko abuztuan atera zuten altxorra Arnhem herriko Robaver banketxetik, Bigarren Mundu Gerran, aliatuen erasotik babesteko. Banketxetik ateratzeko, beroki tartean ezkutatu zuten altxorra, eta gero lau munizio kaxatan sartu eta lurperatu egin zituzten, garai horretako agirien arabera. Ustez, gaur ezagutarazi den mapa horrek adierazten du non ezkutatu zuten altxorra, Ommeren herrian, Herbehereetako erdialdean.

Altxorraren balioa aintzat hartuta, Herbehereetako Estatua behin baino gehiagotan saiatu da hori aurkitzen, baina maparen berri zutenek ez dute aurkitu orain arte; edo inork aurkitu badu, ez du ezer esan. Nazien armadako buru baten laguntza ere izan zuten altxorra aurkitzeko: hark altxorra egon zitekeen lekuaren zirriborro bat egin zuen, eta metalak aurkitzeko gailu batekin saiatu ziren topatzen. Baina alferrik.

Josst Rosendaal historialariak tokiko telebista kate bati adierazi dio ezohikoa dela mapa zehatz bat egotea, baina dena ez dagoela argi gaineratu du, eta galdera asko daudela erantzun gabe. Esate baterako, azaldu du altxorra lurperatu zuten garaian Ommeren herria borroken erdi-erdian zegoela, eta posible dela mapa horrek dioen lekuan lurperatu eta handik gutxira ateratzea, berriro babesteko.

Mapa Herbehereetako Kudeaketa Institutuak aurkitu zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta Artxibategi Nazionalaren esku egon da. Hagan dago artxibategia, eta 137 kilometro osatzen dituzten agiriak, hamabost milioi irudi, 300.000 mapa eta marrazki historiko, eta 800 terabyte osatzen dituzten artxibo digitalak dauzka. Maparekin batera, beste agiri batzuk ere ezagutarazi ditu: Bigarren Mundu Gerran naziak lagundu zituzten herbeheretarrek gerra amaitu ostean kontzentrazio esparruetan jasandako abusuen berri ematen dute agiri horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.