Mendia

Manasluko gailurra zapaldu du Alex Txikonek, neguan

«Oso nekatuta, baina hunkituta», zegoela esan du tontorretik. Arau berrien arabera, Manaslura neguan (abenduaren 21a eta otsailaren 28a bitartean) egiten den lehen igoera da Txikonena.

jon ordonez garmendia
2023ko urtarrilaren 6a
08:42
Entzun

Alex Txikonek azkenean lortu du Manaslu mendira neguan igotzea (8.163 metro), oxigeno artifizialaren laguntzarik gabe. Hirugarren saiakera zuen oraingoa, eta gaur goizean sare sozialetan jakinarazi duenez, 04:45ean zapaldu du gailurra, Nepalen 09:30ak zirenean, sei eskalatzaile nepaldarrekin batera: Pasang Nurbu Sherpa, Chhapel Sherpa, Gelu Sherpa, Maila Sherpa, Mantere Lama Sherpa eta Gamje Babu Sherpa. Simone Moro italiarra ere espedizio horretan zegoen baina utzi egin behar izan zuen, ondoezik zegoelako.

Espedizioaren lehen saiakeran lortu dute tontorrera igotzea. Munduko zortzigarren mendirik garaiena da Manaslu, eta hilabete bat egon da Txikon garaiera horretara egokitzen. «Oso nekatuta gaude, baina guztiz hunkituta. Orain pixkanaka-pixkanaka jaitsi eta denak onik iritsi behar gara. Une horretan lortuko baitugu, hain zuzen ere, benetako gailurra», adierazi du Txikonek tontorretik. Arratsalderako espero da kanpalekura iristea. Eguraldi ona izan dutela azpimarratu du Txikonek, eta hori funtsezkoa izan dela tontorrera iristeko.

Zortzimilakoen artean, neguan igo zuten bigarrena tontorra izan zen Manaslu. Orain arte soilik 1984an igo dute mendi hori neguan: Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrak 1984ko urtarrilaren 14an igo ziren, oxigenoarekin. Aintzat hartuta, ordea, igotzeko lanak abenduaren 2an hasi zituztela, araudi berriaren arabera, Txikonen gaurko igoera litzateke Manaslura neguan egindako lehenengoa.

Orain arte, igoera bat neguan egin dela esateko, igotzeko lanak abenduan 1ean hastea nahikoa zen. Hala, Berbeka eta Gajewski abenduaren 2an hasi ziren Manaslura igotzeko lanetan. Orain, ordea, negua Himalaian abenduaren 21etik otsailaren 28ra dela dio araudi berriak, eta horrekin bat egiten dute mendizale gehienek; Denis Urubko da, beste batzuen artean, salbuespena. Nepalgo Gobernuak egun horien arteko igoerak soilik izendatzen ditu orain negukotzat.

Eztabaida horri iskin eginda, Txikonek eta Morok egun horien artean prestatu dituzte Manaslurako espedizioak. Hirugarrengoan lortu du Txikonek tontorrera heltzea. Iaz saiatu ziren Txikon eta Moro azkenekoz Manaslura neguan igotzen, baina eguraldi txarragatik ez zuten lortzerik izan. Aurreko urtean ere, 2021ean, saiatu ziren, Iñaki Alvarez zumarragarrarekin. Espedizioak zazpi aste iraun zuen, eta bi aldiz lortu zuten 7.000 metro ingurura igotzea, baina ezin izan zuten gorago heldu. Iñurrategi anaiak eta Josu Bereziartua ere 1997-1998ko neguan 7.500 metrora geratu ziren; eguraldi txarraren eta haize bortitzaren ondorioz, horiek ere atzera egin behar izan zuten orduan.

Aurretik ere, Himalaian

Aurten beste modu batera prestatu du igoera. «Lehen bi saiakeretan ikasitakoari esker erabaki zuten aurkezten zitzaien lehen aukerarako prest egon behar zutela. Hori dela eta, Alex Txikon Himalaiako beste proiektu batzuetan murgilduta egon da, egokitzapen egoki bat izatea ahalbidetu diotenak», azaldu dute Manasluko igoeraren berri emateko bidali duten oharrean.

Abenduaren 26an iritsi zen Manasluko oinarrizko kanpalekura, lehen aukera zuenean igotzeko prest. Oinarrizko kanpamentua 5.000 metrora ezarri zuten. Urteberriarekin eguraldia egonkortu egingo zela iragarri zuten. «Hauxe zen espero genuen aukera» adierazi zuen Txikonek. Urtarrilaren 4an motxila eta beharrezko materiala hartu eta zuzenean igo ziren bigarren kanpalekura (6.400 metrora). «1.500 metro inguruko desnibela egin dugu. Ibilbidea oso gogorra izan da haizeagatik eta ekartzen genuen material guztiagatik», esan zuen. Hala ere, gogotsu jarraitzen zutela esan zuen Txikonek.

Bigarren kanpalekuan atseden hartu zuten eta urtarrilaren 5ean igo ziren hirugarren kanpalekura (7.000 metrotik behera). Bertan igaro zuten gaua, jarraitu beharreko estrategia aztertuz. «Aukera hau aprobetxatu, behar dugu. Eguraldia ona da eta gure aukera izan daiteke. Bihar goizaldean gailurrera irtengo gara. Ea zer aurkitzen dugun» azaldu zuen erronkari aurre egin aurretik.

Litekeena da hau izatea Txikonen neguko azken espedizioa, Unai Ugartemendia BERRIAko mendi kolaboratzaileak 2021ean zioenez. Neguko 12. espedizioa izan da Manasluko hirugarren hau. Urte hauetan guztietan, Gasherbrum I, Everest, K2, Manaslu eta Nanga Parbat mendiak izan ditu helburu, baina azkenengo horretan soilik igo zen gailurrera, 2016ko otsailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.