«Salbuespen neurrien aurka» jendetzak bete ditu Bilboko kaleak

Arrakasta izan du aurten ere presoen eskubideen aldeko manifestazioak. Aurten, dispertsioaren bukaera «hurbil» ikusten dutela adierazi dute antolatzaileek, baina azaldu dute horrek ez duela esan nahi «salbuespen neurriak» bukatu direnik

Autonomia kalea bete dute manifestariek, euria lagun. GORKA RUBIO, FOKU
jone arruabarrena
2023ko urtarrilaren 7a
19:02
Entzun

Beste behin, Bilboko kaleak bete ditu Sarek, euskal presoen eskubideen alde. Aurten testuinguru ezohikoa izan du, eta berezitasun bikoitza: ohiko mobilizazio moldera itzuli da, pandemiak eragindako bi urteko parentesiaren ostean, eta, orduz geroztik, aldaketa garrantzitsuak izan dira espetxeetako egoeran. Hala ere, parentesi horrek ez du eragotzi Bilboko kaleak betetzerik.

Sarek adierazi du urruntzearen amaiera gertu ikusten duela, eta, bide horretatik, etxeratze prozesuan jarri du arreta aurtengoan; hain zuzen, Etxera bidea gertu izan du lelotzat manifestazioak. La Casillan hasi da protesta, 17:00etan, baina ia ordubete behar izan du mugitzen hasteko; batu den jende kopuru handiaren ondorioz. Hala ere, aurten ez dute, ohi duten modura, La Casillan guztiek hasi.

Horren ordez, Autonomia kalea betetzean jarri dute arreta, eta baita lortu ere. Casillan hasi eta Zabalburura arte jendetzak bete du kale guztia, eta kaleko punta bakoitzetik oihal erraldoi bat atera dute; bi oihalak manifestazioa hasi baino lehen elkartu dira; Huntza taldeko Josune Arakistainekin batera, manifestariek txoriak txori abesten zuten bitartean.

Hala ere, ez da Zabalburun, protestaren aurrealdean jarri duten eszenatokira igo den bakarra. Bertan izan dira, besteak beste, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ere, eta autonomia kale osoan entzun dira haien bertsoak.

Ikusi gehiago:Manifestazio amaierako mezua

Seiak jota hasi da jendetza autonomia kalean behera mugitzen, eta presoen senideak, preso ohiak eta Sareko ordezkariak gidari zituztela, besteak beste. Manifestazioan bertan adierazpenak eman dituzte Sareko Joseba Azkarraga eta Bego Atxak ere. Azaldu dute, euskal presoei lege arrunta aplikatuz gero, preso horien %64 «hirugarren graduan edo erdi askatasunean leudekeela»; hau da, 110 preso. Esan dute esparru judizialak «gorrotoa eta mendekua» alboratzea beharrezkoa dela.

Ikusi gehiago:Horrela kontatu du BERRIAk manifestazioa

Orduerdi pasatxoan egin du bere ibilbidea, eta txalo eta oihu artean iritsi dira manifestariak helmugara: Bilboko udaletxera. Bertan egin dute amaiera ekitaldia, eta Sareko Anaiz Funosasek eta Joseba Azkarragak hitza hartu dute —euskaraz lehenak, eta gazteleraz bigarrenak—. Euskal Presoen eskubideen aldeko borrokan egindako ibilbideari aitortza egin dio, duela 34 urte Madrileko gobernuak «sakabanaketa politika ankerra» martxan jarri zuenetik.

Hala ere, azaldu du gobernu hark ez zuela haintzat hartu «euskal gizarteak eskubideen urraketa horri demokratikoki aurre egiteko zuen borondate irmoa», eta euskal gizarteari eskerrak eman dizkio eskubide urraketa horiei kontra egiteagatik: «Guztion artean etapa hau irabazi dugu».

Ikusi gehiago: Mahai ingurua: espetxe politikak «salbuespenaren sinonimo» izateari uzteko eskatu dute

Senide presoak bisitatzera zihoazenean edo bisitatik bueltan errepidean hildakoak ere oroitu nahi izan dituzte Funosas eta Azkarragak, eta, era berean, «Euskal Herrian izandako indarkeria guztien biktima guztiei» errespetua adierazi die haien minaren aurrean: «Biktimen auziari konponbiderik bilatzen ez diogun bitartean, gizarteak behar duten begirunea ematen ez dien bitartean, eta euskal presoen egoera konpontzen ez den bitartean, ezin izango dugu elkarbizitzaz hitz egin».

Izan ere, azaldu du «mendekuaren aurkako bataila irabazten» ari direla: «Gorrotoaren eta errebantxaren gainetik etxera bidea hurbilago jarri dugu (...) Presoei Hala dagokielako eta elkarbizitzarako lagungarria eta beharrezkoa delako». Bide horretatik, Sare herritarrak eta Bake Bideak konponbidearen «parte aktiboa» izateko konpromisoa hartuko dutela esan zuen Sareko eledunak.

Ikusi gehiago:Presoen urruntzearen bilakaera datuetan

Hala ere, «bizikidetza» lortzeko bide horretan «oztopo asko» dituztela nabarmendu zuen, besteak beste, «Espainiako eta Frantziako auzitegi berezi eta fiskaltza antiterroristak»: «Justizia esaten zaion horrek, zeinak, mendekuaren gainean oinarrituta, hemendik ehundaka kimometrotara erabakitzen baitu gutxi ezagutzen dituen eta interesatzen ez zaizkion pertsonei askatasuna eman ala ez». Pertsona horiei buruzko erabakian Euskal Herrian hartzea «demokratikoa» dela ondorioztatu zuen gero.

Elkartasuna aldarrikatu zuten Sareko kideek hitz hartzea bukatzeko, eta nabarmendu zuten «bide bakarra» mobilizazio sozialek eta euskal gehiengo politiko eta sindikalaren borondateak urratu beharko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.