Ekialde Hurbila

Palestinako banderak eremu publikoetatik kentzeko agindu du Israelgo Segurtasun ministroak

Ben-Gvirrentzat, «Palestinako bandera erakustea terrorismo mota bat» da. Koalizio gobernu berriaren agendaren parte da ekintza hori legez debekatzea.

Bi palestinar Palestinako bandera eskuan hartuta, azaroan, Israelgo bi soldaduren aurrean, Nablusen. ALAA BADARNEH / EFE
ander perez zala
2023ko urtarrilaren 9a
13:01
Entzun

Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun ministro ultraeskuindarrak palestinarren kontrako beste erabaki bat hartu du. Ben-Gvirrek Poliziari agindu dio Palestinako banderak «Israel osoko» eremu publikoetatik kentzeko, eta, horretarako, segurtasun indarretako «maila guztietako» agenteei eman diete «[PAN] Palestinako Agintearen [Nazionalaren] banderak jaisteko» eskumena.

Palestinako banderak zintzilikatzea ez da legez kanpokoa, baina koalizio gobernu berriaren agendaren parte da hori legez debekatzea. Ben-Gvirrentzat, «Palestinako bandera erakustea terrorismo mota bat» da; iragan astean bertan haserre agertu zen horrengatik, 40 urtez espetxean izan den ekintzaile palestinar baten askapena ospatzeko egin zuten ekitaldian bandera horiek erabili baitzituzten.

Israelgo Segurtasun ministroa festa hori debekatzen saiatu zen, baina azkenean ez zuen lortu, eta, beraz, Poliziak ez zuen ospakizuna debekatu. Ben-Gvir haserretu egin zen, eta zera esan zuen afera horretaz: «Legea urratzen dutenek bandera terroristak erabiltzea, eta terrorismoa babestea eta bultzatzea; hori ezin daiteke egin. Adierazpen askatasunak ez du babesten terrorista batekin identifikatzea eta Israelgo armadako soldaduei kalteak eragitea».

Berez, Israelgo Polizia komisario Kobi Xabtaik badu eskumena banderen eskegitzea debekatzeko, betiere «ordena publikoa urratzeko arrisku handia» baldin badago, fiskal nagusiak zehazturiko irizpideen arabera. Hori bai, orain arte, barrutietako Polizia komisarioek zuten azken hitza, eta, horren eraginez, kargudun bakoitzak modu batera edo bestera interpretatzen du legedia; kasurako, Jerusalemgo protestetan debekatu izan dituzte, baina Tel Aviven, ez.

Testuinguru horretan, Israelgo Segurtasun ministroak erabaki du Palestinako banderak debekatzeko agindua ematea, nahiz eta, Israelgo hedabideen arabera, segurtasun indarrek zalantzak dituzten horren inguruan, legez ez baitago debekurik.

Iaz, Palestinako banderak ez konfiskatzera deitu zuen aurreko gobernuko Segurtasun Publikorako ministro Omer Bal-Levek, «ezohiko kasuetan» izan ezik: ordena publikorako berehalako mehatxu zirenean.

Blinken Israelera, hilabete amaieran

Antony Blinken AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkaria Israelen izango da hilabete amaieran, koalizio gobernu berriarekin hitz egiteko. Batez ere, asteotan palestinarrekin izandako polemikez, Yediot Ahronot egunkariaren arabera. Blinkenek gogor kritikatu zuen Ben-Gvirrek iragan astean Meskiten Zelaigunera egindako bisita, eta kezka agertu du Tel Avivek PANei ezarritako zigorrengatik ere: «Israelgo Gobernua bere politikengatik epaituko dut, ez izen-abizenengatik».

Azken afera horretaz, PANeko lehen ministro Mohammad Xtayyehk Haaretz egunkariari gaur esan dio zigorrek «PANen kolapsoa eragingo dutela». Haren arabera, Israelgo aurreko gobernuek lan egin dute «bi estatuen irtenbidea ezabatzeko», baina oraingoa «PAN beraren kontra ari da borrokan».

Erakunde horren eskariaren ondoren, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ikerketa bat abiatuko du okupaturiko lurraldeetako kokagune juduen legezkotasun argitzeko, eta badirudi eskari hori egiteagatik onartu zituela Tel Avivek, iragan ostiralean, PANen kontrako zigorrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.