Migratzaileak

Errefuxiatuak erreskatatzen aritzeaz akusaturiko 24 lagun epaitzen hasi dira Grezian

Akusatuetako bi Sarah Mardini igerilari siriarra eta Sean Binder urpekari alemaniarra dira; espioitza eta faltsutzea leporatzen die Greziako justiziak. Gobernuz kanpoko erakundeek karguak erretiratzeko eskatu dute.

Sean Binder eta Sarah Mardini. AMNESTY INTERNATIONAL
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urtarrilaren 10a
12:14
Entzun

Greziako uharteetara iristen diren errefuxiatuak erreskatatzen aritu izan dira Sean Binder urpekaria eta Sarah Mardini igerilaria GKE gobernuz kanpoko erakunde batean. Horregatik, erreskate lanetan aritzeagatik, epaituko dituzte gaur Grezian. Espioitza eta faltsutzea egozten die Ipar Egeoko Apelazio Auzitegiak, eta zortzi urteko kartzela zigorra ezar diezaieke epaileak. Beste 22 lagun ere epaituko dituzte. Amnesty International eta Human Rights Watch GKEek, besteak beste, Greziako justiziari eskatu diote Binderri eta Mardiniri leporatzen dizkieten karguak erretiratzeko.

Mardini Siriakoa da jatorriz, eta errefuxiatu moduan heldu zen Greziako Lesbos uhartera 2015ean. Ahizparekin joan zen Europara, eta bien bizitzetan oinarrituta dago iaz estreinatu zuten The Swimmers (Igerilariak, euskaraz) filma. 2016tik aurrera errefuxiatuak erreskatatzeko lanetan aritu izan da uharte berean. Binder alemaniarra da, urpekaria ofizioz, eta uharte berean aritu izan da erreskate lanak egiten. ERCI Emergency Response Center International gobernuz kanpoko erakundearekin egin izan dute lan. 2018ko abuztuan atxilotu zituzten bi gazteak, eta ehun egun baino gehiago igaro zituzten espetxean; bermepean aske utzi zituzten.

Lesbos uhartean kokatuta dagoen Ipar Egeoko Apelazio Auzitegiak epaituko ditu orain. 2021eko azaroan egin behar zuten epaiketa, baina, prozeduraren zenbait arazoren ondorioz, gaur hasi da epaiketa. Beste 22 lagun ere akusatu dituzte. GKEek ohartarazi dute asteak edo hilabeteak igaro daitezkeela epaia erabaki arte. Gainera, Mardiniren eta Binderren aurkako beste ikerketa bat ere zabalik du Greziako justiziak. Lau urtez aritu dira Bardini eta Binder ikertzen pertsona trafikoa eta iruzurra leporatuta, besteak beste.

«Europan elkartasuna kriminalizatzeko kasurik handiena» da gaur abiatzekoa den epaiketa, Europako Parlamentuak argitaratutako txosten baten arabera. «Ur botilak eta irribarreak banatzeagatik kriminalizatu ahal banaute, edozein kriminaliza dezakete. Epaiketa hau ez da nire kontra, ez da Sarahren kontra, ezta akusatutako beste 22 pertsonen aurka ere. Errukia zapaltzeko eta pertsonek segurtasuna lortzea saihesteko asmoz agintari greziarrak egiten ari diren ahalegina da», salatu du Binderrek.

Amnesty Internationaleko Eskualdeko Bulego Europarreko zuzendari Nils Muiznieksek nabarmendu du epaiketa horrek erakusten duela «noraino heltzeko gai diren Greziako agintariak» laguntza humanitarioa «saihesteko».

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren estimazioen arabera, iazko lehen erdian Europan sartzeko asmoa zuten 1.200 pertsona inguru ito ziren Mediterraneo itsasoan; 3.100 lagun inguru hil ziren 2021ean. Human Rights Watch GKEak salatu du Greziako Gobernuak asiloa eskatu nahi zuten milaka migratzaile kanporatu eta Turkiara itzularazi dituela Egeo itsasoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.