Klima larrialdia

Bi ekintzaile ekologista gotortuta daude Alemaniako meatze batean, hura handitzearen aurkako protestan

Alemaniako Klimaren Babeserako ministroaren ustez, «ikur faltsu bat» hautatu dute Luetzerath herrixkan borrokan ari diren ekintzaile ekologistek.

Polizia bat, gaur, Luetzeratheko meatzearen inguruan. RONALD WITTEK / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urtarrilaren 13a
14:16
Entzun

Alemaniako Ipar Renania-Westfaliako Luetzerath herrixka hutsarazten ari da Polizia, Garzweiler meatzea handitu ahal izateko; militante ekologistak, ordea, erresistentzia baketsua egiten ari dira. Asteazkenean hasi zen ekologisten erresistentzia, eta, geroztik dozenaka lagun kanporatu dituzten arren, bi ekintzailek ikatz meatzean gotortuta segitzen dute. Zehazki, meatzeko tunel baten barruan daude, eta Poliziak babesa eskatu die suhiltzaileei gaur, biak handik kanporatzeko. «Oraindik ez dakigu noiz amaituko den operazioa», adierazi zuen atzo Alemaniako Poliziak, ohar baten bidez.

Alemania osoko poliziak asteazkenean hasi ziren Luetzerath hutsarazten. Etxe multzo bat besterik ez da, baina meatzeak herria suntsitzeko asmoa plazaratu zuenetik, dozenaka ekintzaile elkartu dira han, meatzea handitzea galarazten saiatzeko. Meatzean gotortu ziren, baina Poliziak gehienak kanporatuak ditu. Robert Habeck Alemaniako Ekonomia eta Klimaren Babeserako ministro eta Berdeen alderdiko kidea arduratu da ikatz meatzea handitzeko lanak kudeatzeaz. «Arrazoi on asko daude klima babestearen alde manifestatzeko, baita Berdeen aurka protesta egiteko ere. Luetzerah, baina, ikur faltsu bat da», adierazi du.

Ikusi gehiago: Ikatzaren aurkako borrokak ez du etenik Alemanian

Alemaniako Gobernuak erabakita dauka Ipar Renania-Westfalian 2030. urterako ez dela ikatzik erreko argindarra sortzeko —Alemania osoan, 2038rako—. Hala ere, Ukrainako gerraren ondorioz sortutako energia krisiak indartu egin du ikatzaren ekoizpena. Klima larrialdiaz kezkaturik dauden ekintzaileek ikatza berehala alboratzeko eskatzen dute, eta bihar manifestazio jendetsu bat egiteko asmoa dute Luetzerathen inguruan. Greta Thunberg klima larrialdiaren inguruko ekintzaile suediarrak parte hartuko du.

1940tik ikatz arrea ateratzen dute Garzweiler meatzetik. Geroztik, 30,96 kilometro koadroko eremu bat suntsitu dute. Denera, hamabost bat herrixka desagerrarazi ditu meatzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.