Errefuxiatuak hartzeko zentro bat jarriko dute Gasteizen

Espainiako Gobernuak proiektua lizitatu du. Gasteizko Arana klinika zaharrean egongo da, eta 2024an irekitzea aurreikusi dute. Gorka Urtaranek ez du gogo onez hartu proiektua.

Arana klinika, Gasteizen. BERRIA
Edurne Begiristain.
2023ko urtarrilaren 17a
11:11
Entzun

Espainiako Gobernuko Migrazioen Estatu Idazkaritzak erabaki du Nazioarteko Babeserako Harrera Zentro bat jarriko duela Gasteizen, Arana Klinikaren eraikin zaharrean. Asilo eskatzaile, iheslari eta errefuxiatuentzako zentro bat izango da. Gisa horretako lehena izango da Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak emandako informazioaren arabera, bertan arta soziala, psikologikoa eta juridikoa eskainiko zaie iheslari eta errefuxiatuei, urtebetez gehienez. Lan eta formakuntzarako trebakuntza ikastaroak ere jasoko dituzte bertan.

Migrazioen Estatu Idazkaritzak 982.010 euroan lizitatu ditu eraikuntza eta lana gauzatzeko proiektuak. 14,1 milioi euro inbertituko ditu eraikina berritzeko, eta zentroa 2024an zabalik egotea aurreikusi du. Duela hamar urte itxi zuten Arana egoitza zaharrean eraikiko dute iheslarientzako zentro berria. Obrak uztailean hasiko dira, eta urtebete iraungo dute. 350 pertsona hartzeko tokia izango du, eta 13.000 metro koadroko azalera.

Zentroa lehenbailehen martxan jarri nahi du Madrilek, gatazka eta gerra egoeretatik ihes egiten dutenen nazioarteko babes eskaerek «nabarmen gora» egin dutelako azkenaldian. Zehazki, Migrazioen Estatu Idazkariak emandako datuen arabera, azken sei urteotan Espainian %20 egin dute gora asilo eskaerek, eta egun Espainian irekita dauden lau harrera zentroak ez dira aski eskaera horiei denei erantzuteko.

Gasteizko alkatea, aurka
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ez du begi onez hartu proiektua. Gasteizko Udalak uztailean izan zuen Madrilgo gobernuaren asmoen berri, eta orduan ere aurka zegoela esan zion alkateak ministerioari. Urtaranek gaitzetsi du Espainiako Gobernuak «aldebakarreko erabakia» hartu duela Arana klinika zaharra nazioarteko harrera zentro gisa erabiltzeko, eta ohartarazi Madrilek aintzat hartu beharko lukeela «Euskadiren errealitatea» eraikinari erabilera hori emateko orduan. Nolanahi ere, Gasteizko Udalak ez du eskumenik eraikinaren gainean, Espainiako Gobernuarena baita.

EH Bilduk iragarri du informazio zehatza eskatuko diotela Espainiako Gobernuari proiektuaren inguruan. PPk, berriz, azalpenak eskatuko ditu Gasteiz zentro hori jartzeko aukeratu izanaren arrazoien gainean, eta «gaia isilpean» kudeatzea leporatu die Madrilgo gobernuari eta EAJri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.