Eusko Jaurlaritza

Urkulluk Manu Castilla izendatu du Lehendakaritzako idazkari nagusi

Jesus Peña ordezkatuko du, hark erretiroa hartu baitu. Castilla Azterlan kabineteko zuzendaria izan da azken urteetan.

Urkullu eta Castilla, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Iosu Alberdi.
2023ko urtarrilaren 17a
12:43
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk aldaketak egin ditu bere konfiantzazko postuetan. Gobernu Kontseiluak berretsi du Manu Castillak ordezkatuko duela Jesus Peña Lehendakaritzako idazkari nagusiaren karguan, Peñak erretiroa hartu ostean. Castillo Jaurlaritzako Azterlan kabineteko zuzendaria izan da orain arte.

Peña Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusi izan zen 1995etik 2009ra, eta kargu bera izan du 2012tik gaur arte. Hau da, EAJko azken hiru lehendakarien konfiantzazko karguduna izan da. Jose Antonio Ardanzaren azken legealdian iritsi zen kargura, eta han mantendu zuen Juan Jose Ibarretxek bere agintaldian ere. Patxi Lopezen agintaldiaren ostean, Urkulluk berriz ere izendatu zuen Lehendakaritzako idazkari nagusi.

Idazkari nagusi gisa, «lehendakaritzaren koordinazioa» izan du lanbide. «[Lehendakariari] Bere ardurak betetzen laguntzen diot, eta, horretarako, Jaurlaritzari bere ekintza zuzentzeko eta koordinatzeko babesa ematen diot, eta, gainera, lehendakaritzaren jarduera eremu guztiak gainbegiratzen ditut», dio Irekian. Kargu hartan, besteak beste, Zaldibarko hondamendiaren inguruko batzorde teknikoaren buru izan zen.

Peñaren ordezkoa, Castilla, Soziologiako eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna da. Hark ere Urkulluren konfiantzazko zenbait kargu izan ditu azken urteetan. 2012tik 2014ra, lehendakariaren kabineteko zuzendaria izan zen, eta, ordutik, Azterlan kabineteko zuzendaria izan da. Irekiaren arabera, haren erantzukizunen artean izan dira «lehendakariaren lan programaren jarraipena egitea» eta Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako lanen ardura.

Castillak ibilbide luzea du EAJk zuzendutako erakundeetan. Besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko kabineteko ikerketa arduraduna izan zen (2009-2012), eta Bilboko Udaleko komunikazio arduraduna (1991-1995). EITBn, ikerketa eta audientzia teknikariaren kargua izan zuen (1988-1991), eta komunikazio zuzendaria izan zen (1995-2009).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.