Industria

Europak Hidrogenoaren Euskal Korridorea babestuko du, «printzipioz» behintzat

Batasunari «interesgarri» iruditu zaio egitasmoa. Korridorearen bultzatzaileek espero dute Europan lortzea finantzaketaren %30etik gora.

Hidrogenoaren Euskal Korridorearen planoa. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko urtarrilaren 17a
13:24
Entzun

Europako Batasunak begi honez ikusten du BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen egitasmoa, eta «printzipioz» behintzat babestu egingo duela azaldu du Maciej Berestecki bozeramaileak. Haren hitzetan, egitasmo «interesgarria da», baina zehaztu du babes hori, bereziki ekonomikoa izan beharko lukeena, azterketa fasean dagoela. Korridorearen bultzatzaileek azaldutakoaren arabera, proiektu gehienetan inbertsioaren %30-40 inguru lagundu beharko litzateke gutxieneko errentagarritasuna izateko.

Hurrengo bost urteetan 1.500 milioi euroko inbertsioa egingo dutela kalkulatu dute Korridorearen bultzatzaileek. 124 erakunde publiko eta pribatu daude BH2Cren atzean, eta tartean daude Repsol edo Arcelor Mittal bezalako enpresak. Aurrekontu hori kontuan hartuta, 450-600 milioi euro iritsi beharko lirateke Europatik. Beresteckik, baina, ez du halako zehaztasunik eman Bilbon eginiko bilera informatiboan. Dena den, eta daturik ez aipatu arren, zehaztu du gaur egun Euskal Herriak funtsen eskutik bere gain har dezakeen erronka handiena industriaren deskarbonizazioa dela, eta hori da korridorearen helburu nagusietakoa.

Europako funtsek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango duten eraginaz mintzatzera etorri da Berestecki. Azarora arte 838 milioi euro iritsi dira zenbait egitasmotarako. Horiei, euskal enpresek sektore planen bitartez jasotako laguntzak gehitu behar zaizkie. Esaterako, Mercedesek, Volkswagenek, Sapak, Fagorrek eta Irizarrek ibilgailu elektrikorako laguntzen zati handi bat jaso dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.