Ipar Irlanda

Londresek ez du Ipar Irlandako hauteskundeetara deituko, oraingoz

Gobernua osatzeko epea amaituta, Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak esan du datozen asteetan «arretaz» aztertuko dituela «aukera guztiak». Baliteke bake itunaren 25. urteurrena agintaritzarik gabe ospatzea.

Erresua Batuaren Ipar Irlandarako ministro Chris Heaton-Harris, joan den asteartean, Londresen. TOLGA AKMEN / EFE
ander perez zala
2023ko urtarrilaren 20a
15:32
Entzun

Gauerdian bukatu da Ipar Irlandan gobernua osatzeko epea, eta, berriz ere, ez da adostasunik izan, orain arteko arrazoi berberagatik: DUP Alderdi Demokrata Unionistaren blokeoa Ipar Irlandarako Protokoloaren aferan. Hortaz, azken urte erdian bigarrenez, Asanblearako hauteskundeetara deitzeko tartea abiatu da. Londresek, ordea, ez du bozetarako datarik emango, oraingoz; Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministro Chris Heaton-Harrisek atzo argudiatu zuenez, datozen asteetan «arretaz» aztertuko dituelako «aukera guztiak».

Legearen arabera, Heaton-Harrisek martxoaren 5erako eman behar du hurrengo bozen dataren berri; hori kontuan harturik, hauteskundeak, beranduenez, apirilaren 13an egin beharko lituzkete. Baina baliteke Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak iragan azaroan erabilitako estrategia bera erabiltzea eta, Erresuma Batuko Parlamentuan legedia aldatzeko testu bat aurkeztuta, bozak antolatzeko epemuga luzatzea.

Erresuma Batuko hedabideen arabera, azken asteotan Londresek eta Bruselak aurrerapausoak eman dituzte protokoloaren inguruko negoziazioetan, eta, hortaz, Heaton-Harrisek iradoki du laster adostasun bat espero dutela, DUPentzat onargarria den itun bat aurkezteko. Hori gertatuko balitz, berez, Ipar Irlandako alderdi unionista nagusiak baiezkoa eman beharko lioke egoera desblokeatzeari; hau da, gobernua osatzeari eta Asanbleak berriz funtzionatzeari.

Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroa ere nahiko baikor dago protokoloaren inguruan ados jartzea lortuko dutela, uste baitu «datozen bi hilabeteetan posible» izango dela; betiere, «zentzuz jokatzen» badute eta «malgu» aritzen badira. «Rishi Sunak [Erresuma Batuko lehen ministroa] agintari serioa da, eta arreta jarria du arazoak konpontzean», esan dio Varadkarrek gaur BBC telebista kateari.

Dena den, Ipar Irlandako bozak berriz atzeratzeak zailtasunak eragingo lituzke, aurten ekitaldi garrantzitsu asko baitaude. Apirilaren 10ean, esaterako, 25 urte beteko ditu Ostiral Santuko Akordioak, eta mahai gainean dago Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea Ipar Irlandara joatea data horren inguruan; alegia, baliteke bake itunaren urteurrena gobernurik gabe ospatzea. Maiatzaren 4an, gainera, udal bozak egingo dituzte Ipar Irlandan, eta, hilabete horretarako, Charles III.a koroatzeko ekitaldia aurreikusi dute.

Gobernurik gabe iazko otsailetik

Ia urtebete da Ipar Irlanda gobernurik gabe dagoela. Iazko otsailaren 3an, DUPeko Paul Givanek dimisioa eman zuen lehen ministro karguan, protokoloaren inguruko desadostasunak argudiatuta —Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean «muga bat» sortu duela esaten dute—; gerora, maiatzaren 5ean, Asanblearako hauteskundeak egin zituzten, eta, lehen aldiz, alderdi errepublikano batek lortu zuen ordezkaritzarik handiena, Sinn Feinek. Eta, beraz, lehen ministroaren kargua izateko eskubidea.

Emaitza horiek beste arrazoi bat izan dira DUPentzat gobernabidea blokeatzeko, lehen aldiz gobernuburuorde postua dagokiolako, eta ez gobernuburuarena. Horretaz, Sinn Feineko presidente Mary Lou MacDonaldek atzo esan zuen alderdi unionistak «iraganean zuena» nahi duela, baina hori gaur egun ez dela «posible». Michelle O’Neill alderdiko presidenteordeak, berriz, adierazi zuen «onartezina eta bidegabea» dela «alderdi bat erakundeen funtzionamendua» blokeatzen aritzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.