Mendi istripua

Amaia Agirre eta Iker Bilbao mendizaleak desagertu dira Argentinako Fitz Roy mendian

Patagoniako gailurra igo ostean, elur jausi batek harrapatuta desagertu dira. Josu Linazak, taldeko hirugarren mendizaleak, eman du abisua

Fitz Roy mendia, Patagonian. BERRIA
Iñaki Petxarroman - Iosu Alberdi
2023ko urtarrilaren 20a
17:26
Entzun

Urnietako (Gipuzkoa) emakume bat eta Durangoko (Bizkaia) gizon bat—Abadiñon (Bizkaia) bizi da— galdu dira Patagonian izandako mendi istripuan. Amaia Agirre eta Iker Bilbao dira. Fitz Roy mendia eskalatu ostean, jaistean ezbehar bat izan zuten herenegun, mendiko glaziarrean: elur jausi batek harrapatu zituen mendizaleak. Berez hiru zihoazen soka batean —denak ere halako igoeretan arituak—, eta haietako bat onik irten da ezbeharretik. Hori dela eta, El Chaltenera (Santa Cruz, Argentina) jaitsi ahal izan da abisua ematera. Mendizale hori Josu Linaza da, Igorrekoa (Bizkaia). FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak argitaratutako oharraren arabera, El Chaltengo Sorospen Batzordeak ez du bi mendizaleak «bizirik aurkitzeko esperantzarik», eta ez dago eremura erreskate talde bat bidaltzeko baldintzarik ere. Igandera arte ez dira hasiko mendizaleak bilatzen, Patagoniako Fitz Roy mendian elurbizi gehiago gerta daitezkeelako, erreskate taldeen arabera. Orduan espero dute egoera egonkortzea.

Ikusi gehiago:Eñaut Izagirre, glaziologoa: «Klima oso-oso muturrekoa izan daiteke; ez dira mendi errazak»

Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioak baieztatu du gertaeraren berri badutela, eta Buenos Airesko enbaxadako eta Bahia Blancako kontsulatuko ordezkariak gestioak egiten ari direla ezbeharraren inguruan. Oraingoz jakin den informazioaren arabera, erreskaterako baldintza meteorologiko txarrak daude mendi inguru horretan. Hala baieztatu du Euskal Mendizale Federazioak ere. Haiek ezbeharraren jarraipena egiten ari dira, FEDMErekin batera. Erakunde hark krisi kabinete bat ere martxan jarri zuen egoera zertan zen jakiteko, eta harremanetan dago erreskate lanen ardura hartu duten eremuko autoritateekin. Agintari horiek jakinarazi zioten FEDMEri atzo arratsaldean —Euskal Herriko ordua— egoera ez zela egokia erreskate lanei modu seguruan ekiteko.

Fitz Roy, Chalten ere deitua (3.405 metro), Argentinako Patagoniako mendirik ezagunenetako bat da. Patagoniako izotz zelaiaren ekialdean dago, Bernardo O’Higgins (Txile) eta Los Glaciares (Argentina) parke nazionalek muga egiten duten eremutik gertu. Mendizaleen ohiko jomuga izaten dira hango hormak, baina zailtasun teknikorik ez du falta. Besteak beste, Iker eta Eneko Pou eskalatzaileek igo zuten 2015ean, 7 pareta 7 kontinente proiektuaren barruan, eta Martin Zabaleta alpinistak 2019an.

Uda da hego hemisferioan, eta garai honetan joaten dira mendizale gehien tontorrera iristen saiatzera. Halere, eguraldia oso azkar aldatzen da han, haizearen norabide aldaketen ondorioz, eta istripu larriak izaten dira askotan. Iazko otsailean, mendizale bat hil zen tontorrerako bidean, eta beste bi zauritu ziren.

Mediku eta eskalatzailea

Amaia Agirre Gonzalez Urnietan jaio zen, eta 31 urte ditu. Eskalatzaile trebea da, eta Espainiako Federazioko Emakumezkoen Taldeko kidea da, aspaldi bizi delako Huescan (Espainia). Izan ere, Zaragozan (Espainia) ikasi zuen medikuntza. Haren aita Urnietako ikastolako zuzendaria izan zen.

Amaia Agirre. Aragoiko Mendi Federazioa / FAM

29 urteko suhiltzailea

Iker Bilbao suhiltzailea da, eta Laudioko parkean (Araba) egiten du lan, baina Abadinon bizi da.

Mendian esperientzia handia dauka. Alpeetan ibili izan da, eta baita Kalifornian (AEBak), Marokon eta Norvegian ere. Durangoko Tabira mendizale klubean hasi zen, txikitan.

Iker Bilbao. Euskadiko Suhiltzaileak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.