Jaurlaritzak baztertu egin du Iritzi Azterlanen Zentro bat sortzeko lege proposamena

EH Bilduk aurkeztu zuen lege proposamena, egun Prospekzio Soziologikoen Kabinetea lehendakariaren konfiantzazko kargudun batek zuzentzen duelako, eta «irizpide eta interes politikoei lotuta» dagoela argudiatuta.

ETBko irudi batean bozetako inkesta baten berri ematen. EITB
2023ko urtarrilaren 24a
12:58
Entzun

Iritzi Azterlanen Zentro bat sortzeko EH Bilduk aurkeztutako lege proposamenak ez du aurrera egingo, Eusko Jaurlaritzak baztertu egin duelako proposamen hori. Bi argudio nagusi eman ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren eledunak: batetik, Prospekzio Soziologikoen Kabinete bat badagoelako; eta, bestetik, «objektiboak, profesionalak eta teknikoak» diren irizpideak betetzen dituelako. Esan du kontratazioak publikoak direla eta garden esleitzen direla.

Zupiriaren irudiko, gizartearen egoerari eta bilakaerari buruzko lan informatibo hori egiten du egun indarrean den kabineteak. Eta berretsi du informazio guztia datu basean dagoela denen eskura. Lan hori pertsona zailduek egiten dutela gaineratu du: «Haien independentzia, profesionaltasuna, objektibotasuna eta neutraltasuna egiaztatua dago». Zupiriaren esanetan, onespen publiko bat badu gizartean, eta horregatik uste dute ez dela beharrezkoa beste egitura bat sortzea.

EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronak aurkeztu zuen Iritzi Azterlanen Zentroa sortzeko proposamena urtarrilaren 11n. «Hamabost urteren ondoren, Prospekzio Soziologikoen Kabinetea lehendakariaren konfiantzazko kargudun batek zuzentzen du gaur egun ere, eta Urkulluren gobernuaren irizpide eta interes politikoei lotuta dago», haren esanetan.

Koalizio subiranistaren arabera, «ukaezina» da gizarte zientziek errealitatean eragiten dutela, eta litekeena dela inkestek «iritzia sortzeko eta joerak markatzeko» balio izatea. «Erraza da ikustea unean uneko gobernuek tentazioa izan dezaketela inkesta horiek euren interes politikoen arabera erabiltzeko», esan zuen Estarronak; «horregatik da hain garrantzitsua Prospekzio Soziologikoen Kabineteetan autonomia osoa, neutraltasuna, gardentasuna eta objektibotasuna bermatzea, Gobernuaren gidalerro eta interes politikoetatik urrun».

Hain zuzen, Gizaker eta Ikerfel iritzi-azterketa enpresak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeen inkesta eskaeren onuradun nagusiak; eta Eusko Jaurlaritzari, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiei eta EITBri dagokienez, onuradun bakarrak, 2022an eskatu dituzten hauteskundeei buruzko inkestak aintzat hartuz gero. Azken urteetako errealitatea baizik ez du berretsi joan berri den urteak. Soziometroak eta EITB Focus galdeketak egiteko bederatzi inkesta eskatu dituzte Gasteizko gobernuak, hiru aldundiek eta EITBk, eta horiek guztiak Gizakerrek eta Ikerfelek egin dituzte. Besteak beste, Gizaker iritzi azterketen sektoreko bazkide zuzendaria Jon Urresti da, EAJko militante ezaguna eta Vital fundazioko presidentea, jeltzaleen proposamenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.