Alderdiak

Artolazabalek berriro esan du Aranaren proiektua prentsaren bidez jakin zuela

Gasteizko errefuxiatuentzako zentroaren proiektuari buruzko ika-mika bukatzea adostu dutela helarazi zuten atzo EAJk eta PSE-EEk, baina Justizia sailburuak aitortu du «mina ematen duten gauzak» esan direla.

Gasteizko Arana klinina zaharra hartun zuen eraikina. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2023ko urtarrilaren 25a
10:53
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Berdintasun eta Politika Sozialen sailburu Beatriz Artolazabalek berriro hitz egin du Gasteizko Arana errefuxiatuentzako zentroaren proiektuari buruz. Onda vasca irratian berretsi du bere sailak prentsaren bidez izan zuela Espainiako Gobernuaren proiektuaren berri; aldi berean, ordea, esan du bukarazi egin behar dela auzi horren inguruan EAJ eta PSE-EE Jaurlaritzako bazkideek izan duten liskar garratza, «antzua» delako eta aurrera egiteko gai izan behar dutelako alderdi biek, «adosteko».

Ez alferrik, atzo liskarra bukarazteko konpromisoa hartu zuten jeltzaleek eta sozialistek. «Migrazio arloko konpetentziak Espainiarenak dira, eta berak hartuko ditu erabakiak. Guk elkarrizketa eskatuko dugu», esan zuen Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak Espainiako Gobernuak Gasteizen egin nahi duen nazioarteko babeserako harrera zentroari buruz.

Artolazabalen azken ekarpen honetan ere islatu da auzian ez sakontzeko borondatea hitzez, baina horri lagunduko ez dioten adierazpenak ere badira. Izan ere, sailburuak onartu du «esan diren gauza batzuk mindu» egin dutela, eta PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ahoskatu zuen «xenofobiari» erreparatuz helarazi du «bere hitzen preso» dela beti hizlaria.

Xenofobia akusazioen harira galdera zehatzak egin dizkio PSEri Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk asteon: «Jose Antonio Agirrek bere gobernu osoarekin erbestera joan behar izan zuen, milaka pertsona askok bezala, eta ez soilik EAJkoak, baita PSEkoak ere, errepublikanoak, komunistak; nola esan daiteke horrelako ezer EAJri buruz? Nola egin daiteke migrazio politikaren inguruko interpretazio ariketa bat aintzat hartu gabe Euskadiren ordezkaritza politikoaren gehiengo bati eragiten dion iragana?».

PSE-EEk gogor erantzun dio Urkulluri: «Ghettizazio hitzaren erabilpenak eta balizko gatazka sozialak aipatzeak herritarren pertzepzioa baldintza dezakete», esan dio Jaurlaritzako bazkide batek besteari, errieta tonu argian. «Ezin ditugu hauspotu errefuxiatu atzerritarren aurkako sentipen irrazionalak, eta are gutxiago giza eskubideen aurkako biktimak izan direnez». Lerro artean uler daiteke arrazakeria sustatzetik gertu dabilela egotzi diola PSEk EAJri .

Adierazpen horien ondoren iritsi ziren atzo auzia bukarazteko deiak batetik eta bestetik. Hurrengo orduetan ikusiko da ea Artolazabalek bere azken adierazpenekin ura edo gasolina bota duen sutera.

Migrazio arloko eskumenak

Jaurlaritzak migrazio arloko eskumenak lortzeko eskaria zehaztu dio egun hauetan Espainiako Gobernuari, eta garatu beharreko migrazio politiken inguruko jarrera eta iritzia adierazi ditu. Zupiriak aurreko astean nabarmendu zuen «behin eta berriz eskatuko» dutela negoziatzeko; eskumena izatea baitute «lehentasuna», politika propioak eraikitzeko.

Gasteizek Espainiako Gobernuari eskatu dio gaia lantzeko lantalde bat sortzeko, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Izan ere, Jaurlaritza «integrazio indibidual» baten aldekoa dela-eta, Espainiak egin nahi duen gune berria ez dator bat estrategia horrekin. Azken egunetan «makrozentroaz» hitz egin dute, behin eta berriro, EAJk gobernatzen dituen erakundeetako gidari ugarik.

Espainiako Gobernuak aurreko astean iragarri zuen errefuxiatuentzako zentro handi bat lizitatuko duela Gasteizen. Arana klinika zaharrean egongo da, eta 2024an irekitzea aurreikusi dute asilo eskatzaile, iheslari eta errefuxiatuentzat. Migrazioen Estatu Idazkaritzak 982.010 euroan lizitatu ditu eraikuntza eta lana gauzatzeko proiektuak. 14,7 milioi euro inbertituko ditu eraikina berritzeko. Obrak uztailean hasiko dira, eta urtebete iraungo dute. Zentroak 350 pertsona hartzeko tokia izango du, eta 13.000 metro koadro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.