Astronomia

Mende amaieran bospasei izar ikusiko dira, orain 250 ikusten diren tokian

2011 eta 2022 bitartean, gauez zeruan dagoen argitasuna %9,6 handitu da urtean, eta ez, orain arte uste zen moduan, %2. Belaunaldi berriek ez dutela izarrik ikusiko ondorioztatu dute.

Aranzadi zientzia elkartearen behaketa astronomiko bat. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
jon ordonez garmendia
2023ko urtarrilaren 25a
11:34
Entzun

Geroz eta izar gutxiago ikusten dira Lurra planetatik. Gauez zeruan dagoen argitasuna handitzen ari da urtetik urtera, eta, horren ondorioz, urte batzuk barru zenbait tokitan bizi direnek apenas ikusiko duten izarrik gauez. Europako eta Ipar Amerikako hainbat herritarrek 2011 eta 2022 bitartean egin zituzten 51.351 zeruko behaketa aztertu dituzte zientzialari batzuek, eta ondorioa argia da: argiaren kutsadura %9,6 handitu da urte horien artean, orain arte uste baino zortzi puntu gehiago, eta lehen 250 izar ikusten ziren leku batean hemezortzi urte geroago 100 ikusten direla ondorioztatu dute. Are gehiago: mende amaieran toki horretan bospasei baino ez dira ikusiko, eta belaunaldi berriek ezingo dituzte izarrak ikusi, munduko biztanleen hiru laurden hirigune erraldoietan biziko direlako.

Science aldizkarian argitaratu zuten joan den astean ikerketa horri buruzko artikulua zenbait egilek: Christopher Kyba, Yigit Oner Altintas, Constance Walker eta Mark Newhouse. Alemaniako Geozientzia Ikerketa Zentroak, Bochumgo Ruhr Unibertsitateak eta AEBetako NOIRlab astronomia optikorako ikerketa zentroak hartu dute parte. Skyglow deitu diote kutsadura horri ingelesez: zeruko distira. Argiaren kutsaduraren ondorioz, hainbat lekutan zerua ez da jada erabat iluntzen, gizakiak sortutako argiaren sakabanaketak amaierarik gabeko ilunabar bat sortzen duelako atmosferan.

Ikusi gehiago: Izarrik gabeko gauak

Mundua gauez du izena proiektuak, eta herritarren parte hartzearekin egin daitezkeen zientzia proiektuen adibide bat da. Mundu osoko herritarrei eskatu zieten alderatzeko zeruan ikusten zituzten izarrak planisferio batean aurkitu daitezkeenekin. «Elkarrekin, pertsona horien guztien ekarpenek sentsore sare global baten gisan funtzionatu zuten», azaldu zuen Kybak. Europako 3.699 udalerritako eta Ipar Amerikako 9.488 udalerritako herritarrek hartu dute parte. Horiei esker ondorioztatu dute urtean %7 eta %10 artean handitzen dela argiaren kutsadura.

Ikerketaren emaitza oso esanguratsua da, orain arte satelitez egiten ziren neurketen arabera urtean %2 igotzen baitzen argiaren kutsadura. Sateliteek, ordea, ez dituzte antzematen LED argien emisio urdinak, eta argi mota hori ugaritu egin da azken urteetan, batez ere kaleko argiterian. Gainera, sateliteek zerura igortzen den argia neurtzen dute, eta ez kalean horizontalean igortzen dena. Zeruko distirari gehien eragiten diona, ordea, kaleko iragarkien eta hormen argiztapena da.

Walkerrek ohartarazi du, izarren behaketari ez ezik, ingurumenari ere eragiten diola gaueko zeruko distira horrek, hainbat espezieren ziklo biologiko asko eguneroko eta urtaroko zikloek baldintzatzen dituztelako. «Zeruko distirak egunez eta gauez bizi diren animaliei eragiten die, eta gure ondare kulturalaren zati garrantzitsu bat hondatzen dute, izarren behaketa eta astronomia hondatzeaz gain».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.